
Europa mailako ikerketa batek hirietako beroak 65 urtetik gorako herritarrei nola eragiten dien behatu du. Urban Transformation and Global Change Laboratory (TURBA Lab) taldea aritu da ikerketa horretan. Universitat Oberta de Catalunya bertako parte da.
Madrilen eta Varsovian bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea ikertu dute. «Madril muturreko tenperaturengatik aukeratu zen, Europako hegoaldeko beroaren adibide on gisa. Varsovia aukeratu zen udako tenperaturen duela gutxiko igoeragatik eta Europa kontinentaleko bero-patroien aldaketen adibide gisa», agertu dute ikertzaileek. Ikerketa Geoforum aldizkarian argitaratu zen irekian, eta 2021 eta 2022ko udak hartu zituen kontuan. Ikertzaileek taldekako elkarrizketak, tailerrak eta behaketak egin zituzten parte-hartzaileek eguneroko bizimoduan beroarekin dituzten esperientziak aztertzeko. Gainera, 2022ko udan bi hiriburuetako 2.100 adinekori baino gehiagori egindako inkesta termiko baten datuak eta tenperaturen neurketak bildu ditu lanak.
Gehiengo zabal batek baieztatu zuen klima aldaketak eragina zuela bere egunerokoan -Madrilen galdetutakoen %89 eta Varsoviakoen %71-. «Gure ikerketaren helburua da ulertzea beroa desberdin bizi dela pertsona bakoitzaren ezaugarri fisikoen eta sozialen arabera. Beraz, beroagatiko alerta sistemak eta herritarrentzako jarduera protokoloak oso murriztaileak direla uste dugu», ondorioztatu dute.
Ikertzaileen arabera, ondorio hori beste hiri batzuetan ere aplika daiteke, adinekoen esperientzien aniztasuna kontuan hartuta, ez soilik kalteberatasunari dagokionez, baita beroa kudeatzeko duten gaitasunaren aldetik ere. «Estrategia horiek eta adinekoen ekintza gaitasuna ulertzea funtsezkoa da. Inspirazio iturri izan daitezke aire girotuaren mende dauden belaunaldi berrientzat eta beroa berria den eta hura kudeatzeko kulturarik ez duten beste herrialde batzuentzat».
EMAKUMEAK ETA BEROA
Ikerketan, Varsoviako Unibertsitateak eta Etnologia eta Antropologia Kulturaleko Institutuak (Polonia) ere parte hartu dute, eta emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak daudela erakutsi dute: emakumeek beroarekin lotutako esperientzia gehiago azaleratu dituzte, hala nola izerditzea, hantura, ahulezia, astuntasuna, buruko mina edo gosea gutxitzea. Halaber, joera handiagoa izan dute beren gorputz esperientziei buruz hitz egiteko, eta horrek, egileen arabera, ez du esan nahi gizonek esperientziarik ez dutenik, baizik eta uzkur izan daitezkeela esperientzia horiek komunikatzeko, arrazoi kulturalak eta genero estereotipoak direla medio. Hala ere, ikertzaileek egiaztatu dute emakumeei beroak gehiago eragiten diela, gaitasun fisiko gehiago galtzen dutela eta epe laburrean eta luzean osasun arazo gehiago izaten dituztela. «Hori problematikoa da, emakumeei zuzendutako beroa kudeatzeko programa eta protokolorik ez dagoelako; izan ere, emakumeek udan zaintza lanak egiten jarraitzen dute, tenperatura edozein izanda ere, eta horrek haien egoera larriagotzen du», ohartarazi dute.
FUNTZIONATUKO DUTEN ESTRATEGIAK
Oro har, adinekoak kezkatuta daude egoera horri aurre egin ahal izateko politika publikoen gabeziekin eta arkitektura okerrekin: zementua nagusi duten plazak, aterpe klimatikoen falta, kalitate baxuko eta isolamendurik gabeko materialak etxebizitzetan, gaizki kudeatutako berdeguneak...
Muturreko tenperaturen aurrean «etxean geratzeko» gomendioa zabaldu ohi dute agintariek. Adineko herritarren kasuan, ez dago garbi horrek mesede edo kalte egiten dien, isolamendurako arriskua areagotzen duelako. Hartara, egokitze-estrategiei arreta handiagoa ematea garrantzitsu jotzen da: «Horien artean, aireztatzeko estrategia tradizionalak, beroarekin leihoak eta pertsianak ixtea eta gauez aireztatzea, askotan belaunaldiz belaunaldi igaro diren estrategiak», gogorarazi dute ikertzaileek.
Hona hemen, beste gomendio batzuk: eguneroko ariketa eguneko goizeko lehen orduetara egokitzea, etxebizitzetan bero handien egiten duten orduetan etxetik kanpo babeslekuak eta gizarte jarduerak bilatzea, eta aire girotuaren erabilera murriztu eta haizagailuarekin ordezkatzea, elektrizitatean gutxiago gastatzeko.