GAUR8

Pina Bausch, balletean mugarri bat ezarri zuen dantzaria

Ikuspegi narratiboa, espazio eszenikoaren erabilera berritzailea eta intentsitate emozionala bereizgarri zituela, ballet dantza modernizatu egin zuen Pina Bausch dantzari alemaniarrak, munduko dantzaririk onenetarikoa bilakatuz.

Pina Bausch, Italian, 1990. urtean.
Pina Bausch, Italian, 1990. urtean. (Leonardo Cendamo | Getty)

‘Pina Bausch metodoa’ zalantzatik abiatuz eraikitzen da. Nola irudikatu dezaket emozio bat dantzan ari naizen bitartean? galdera horri erantzuteko eskatzen zien bere dantzariei koreografo alemaniarrak. Inprobisatzen uzten zien beti, bere koreografian mugimendu batzuk bakarrik atxikiz. Bere dantzaren bereizgarri ziren ikuspegi narratiboa, espazio eszenikoaren erabilera berritzailea eta intentsitate emozionala.

Phillippina Pina Bauschek dantza modernizatu zuen. Bere garaian berritzailea izan zen, eta ballet modernoaren dantzaririk onenetariko bat izatea lortu zuen. Gaur 85 urte beteko lituzke bizirik jarraituko balu (2009an hil zen birikako minbiziaren ondorioz).

Bausch gazte zela hasi zen dantzan. 14 urterekin Essengo Folkwang arte unibertsitatean sartu zen, garaian Kurt Joossek zuzentzen zuena, Alemanian eragin handieneko koreografoak. Bost urte geroago graduatu zen, eta 1960an, diru-laguntza bati esker, Alemania utzi zuen New Yorkeko Juilliard eskolan ikasten jarraitzeko. Metropolitan Opera Ballet Company eta New American Ballet taldeetan aritu zen han. Hainbat taldetan aritu ostean, 1972an Bausch Wuppertal Opera Ballet-ean zuzendari artistiko gisa hasi zen lanean (gerora Tanztheater Wuppertal Pina Bausch) eta munduan zehar birak egiteari ekin zion. Ordutik bere ibilbideak ez zuen etenik izan, heriotzak dantzan harrapatu zuen arte.

1973tik 2009ra bitartean, 44 ikuskizunetan parte hartu zuen, eta hainbat sari irabazi zituen.