
Errenazimendu garaiko euskal musikagile garrantzitsuena dugu Joanes Antxieta. 1462 inguruan jaio zen Urrestillan, gaur egungo Azpeitia udalerrian, Ignazio Loiolakoarekin ahaideturik zegoen familia batean. Martin Gartzia Antxietakoa zuen aita; eta Maria Veraizas Loiolakoa, ama.
Gutxi dakigu bere gaztaroaz, baina ikertzaileek diotenez, seguruenik Salamancako Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan ezagutu zuen Juan del Enzina idazlea eta musikagilea.
Antxieta Isabel Katolikoaren kapera maisu izendatu zuten 1489an, eta geroago Fernando Katolikoaren eta Karlos V.a enperadorearen kaperetan ere lan egin zuen. Kalonjetza bat lortu zuen Granadako katedralean, eta Azpeitiko Soreasuko Sebastian parroki-elizako erretore izendatua izan zen 1503an.
Bizitzako azken urteak Azpeitian pasatu zituen eta 1523ko uztailaren 30an hil zen XVI. mende hasieran berak aginduta eraiki zen mudejar estiloko etxean, egun ere Soreasuko Sebastian parroki-eliza aurrean dagoen eraikinean.
Momentuan izandako arrakastaz gain, musikari egindako ekarpenagatik ere famatua da. Izan ere, polifonia idatziaren aitzindarietako bat izan zen.
Gaur egun ere, bere obra batzuk interpretatzen eta ikertzen dira, eta 2023an, heriotzaren 500. urteurrenean, Azpeitian eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan omenaldi ugari egin zitzaizkion.