GAUR8

Gaur 5 urte hil zen Joan Mari Torrealdai euskalgintzaren erreferentea

77 urterekin zendu zen 2020ko uztailaren 31n Joan Mari Torrealdai euskal idazlea, euskaltzaina, kazetaria eta soziologoa. Euskara eta euskal kulturaren aldeko lan nekaezina egin zuen bere bizitza osoan zehar. Euskalgintzan erreferente bat izanik.

Joan Mari Torrealdai, 2014ko elkarrizketa batean.
Joan Mari Torrealdai, 2014ko elkarrizketa batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Gaur dela 5 urte hil zen Joan Mari Torrealdai euskalgintzaren erreferentzia nagusietako bat.

Foruan jaio zen 1942ko azaroan. Arantzazuko (Gipuzkoa) santutegiko frantziskotarretan ikasketak egin eta Okzitaniako Tolosan Teologian lizentziatu zen. Ondoren, ordena erlijiosotik bereizi zen. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziaduna, Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistaz egindako lanagatik.

‘Jakin’ aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1967tik 2014 arte. Orduz geroztik Jakin Fundazioaren lehendakaria izan zen.

Euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan ibilbide luzea izan zuen: ‘Anaitasuna’ hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzailea, Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria, beste gauza askoren artean.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainean, eta euskaltzain oso 2007ko azaroan. 2017an euskaltzain oso emeritu izendatu zuen. 2011n Jose Antonio Arana Martija zenaren lekua hartu zuen Azkue Liburutegiko arduradun gisa.

2015ean hezur-muineko minbizia zuela iragarri zuen, eta orduz geroztik gaitzaren kontra borrokatu da. 2020ko uztailaren 31n hil zen azken tratamenduak huts egin ostean, 77 urterekin.

Gaitza Guardia Zibilaren eskutan jasandako tratuaren ondorio zela uste zuen Torrealdaik. 2003ko otsailean ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren kontra burututako operazioan atxilotu zuten.

Atxiloketaren ondotik, Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxeratu egin zuen denbora batez, ‘Euskaldunon Egunkaria’ ETA erakundearekin elkarlanean ari zela egotzita. 2010ean kargu guztietatik absolbitu zuten, gainerako inputatuekin batera.