
Gaurko egunez bete ditu 60 urte Maria Mendizabal Iturriak. Sopranoa zein aktorea izanagatik da ezaguna, baina ikasketaz ingeniaria ere bada, Nafarroako unibertsitatean egin zituen ikasketak.
Txikitatik egon da musikarekin lotuta Mendizabal, Oiartzunen egin zituen musika ikasketa orokorrak, Lartaun Abesbatzan hasi zen, eta gero, Errenteriako Andra Marin eta Donostiako Orfeoian aritu zen.
Bilboko Arriaga antzokian egin zuen opera debuta Turandoteko Liuren paperean. Gero Madrileko Zarzuelaren Antzokian ‘Gigantes y Cabezudos’-eko Pilar abestu eta ‘L’Incoronazione di Poppe’-an parte hartu zuen. Madrileko Errege Antzokian ‘Celos aún del aire matan’-ko Diana ere izan zen. Geroztik leku askotan gonbidatua izan da, esaterako, Sevilla, Oviedo, Bilboko OLBE, Iruñea edo Madrilgo Opera-denboraldietan.
Azken urteetan Maria Barandarianekin batera ibili da emanaldiak eskaintzen. Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskolan ezagutu zuten elkar, eta 2016era arte bakoitzak bere esparruan ibilbide musikal zabala egina zuen nazioartean. Urte horretan, berriro elkartu eta ibilbide berri bati ekitea erabaki zuten, ‘Maitasunaren Mapa’ proiektuarekin. Mundu osoko amodiozko kantuak hartu zituzten eta kontzertu bat osatu, indar berezia jarri zuten Euskal Herriko amodiozko kantuak ere sartzeko.