
Nancy Wake, jaiotzez Nancy Grace Augusta Wake eta Gestapok jarritako ezizenez ‘Sagu zuria’ Wellingtonen (Zeelanda Berria) jaio zen 1912ko abuztuaren 30ean, eta leku berean hil zen 2011ko abuztuaren 6an, gaurko egunez. Australiar kazetari eta isileko agentea izan zen Bigarren Mundu Gerran Frantziako Erresistentzian jardunez.
Hamasei urterekin etxetik alde egin eta New Yorkera joan zen, kazetari egin eta lanak Parisera eraman zuen. Hearts Corporationeko korrespontsal gisa aritu zen lanean eta Hitler elkarrizketatzeko aukera ere izan zuen 1933an. Ikusitakoak izuturik, bere buruari agindu zion bere eskuetan zegoena egingo zuela geldiarazteko.
Bigarren Mundu Gerra piztu zenean eta alemaniar armada nazia Frantzia inbaditzen hasi zenean, Nancy eta Henri bere senarrak, geratu eta Erresistentziarekin bat egitea erabaki zuten naziak geldiarazteko. Erresistentziaren mezulari ofizial bihurtu zen, erakunde horretako taldeei mezuak eta kontrabando-janaria eramanez, anbulantzia zahar baten laguntzaz, erizainez mozorroturik jendea ezkutatzen zuen eta Espainiara eramaten zituen Frantzian eraitsitako pilotu britainiarrak.
Hain zen iheskorra eta bizkorra, alemanak ‘sagu zuri’ deitzen ziotela, eta denbora gutxian bihurtu zen beren helburu. Beti lortzen zuen ihes egitea, eta horregatik zioten halako amorrua, bost miloi libera eskaintzera iritsi ziren bera harrapatzeaatik.
Ustekabean atxilotu zuten, beste neska batekin nahastuta, lau egunez torturatu zuten eta denboratxo bat atxilo eman ostean, lankide batek askatu zuen. Makien (armada alemaniarraren aurka borrokatzen ziren pertsona ezkutuak) arteko harreman-pertsona gisa jardun zuen Frantzian; armamentua mugitzen, nazien komunikazioak saboteatzen eta Erresistentziako taldeentzako kide berriak errekrutatzen jardun zuen.
Baina ez zen hori bere ekarpenik baliotsuena izan, salbatu zuen bizitza kopurua baizik. 1944ko apiriletik abuztura arte, 1.400 nazi baino gehiago hil ziren, baina aldi berean Nancyk 100 gizon bakarrik galdu zituen.
Sagu zuria gerratik bizirik atera zen eta Bigarren Mundu Gerrako emakumerik kondekoratuena bihurtu zen. Erresuma Batuko George domina jaso zuen. Frantsesek hiru domina eman zizkioten: Gerrako Gurutzea eta Erresistentziaren Domina, geroago, Ohorezko Legioko Zaldun izendatu zuten, duten maila goreneko kondekorazioa. Estatubatuarrek, berriz, Askatasunaren Domina eman zioten. 2011an hil zen, 98 urte zituela.