GAUR8

Galdakaoko gazteek urritik aurrera eskatu ahal izango dituzte alokairurako laguntzak

Urrian zabalduko dute Galdakaon gazteen alokairurako udal laguntzak eskatzeko epea. Herrian erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko lagunentzako dira eta 160 eta 400 euro artekoak izan daitezke, laguntza lerroan zehaztutako irizpideen arabera.

Alokairua ordaintzen laguntzeko udal ekimena 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzenduta dago.
Alokairua ordaintzen laguntzeko udal ekimena 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzenduta dago. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Galdakaoko Udalak iragarri du urritik aurrera eskatu ahal izango direla gazteen alokairurako laguntzak. 18 eta 35 urte bitarteko galdakoztarrei zuzenduta daude udal laguntzak, eta gogorarazi dutenez, komeni da gordeta izatea urtarriletik aurrerako ordainketen ziurtagiriak, 2025. urteari dagokion alokairua ordaintzen laguntzeko baitira.

«Alokairurako laguntza berriak datorren urritik aurrera eskatu ahal izango dira. Horien  zenbatekoa 160 eta 400 euro bitartekoa izango da, bizikidetza unitatearen arabera eta bakoitzaren baldintza sozial zein ekonomikoen arabera (IPREM gisa ezagutzen den Ondorio Anitzeko Errenten Adierazle Publikoa kontuan hartuta), azaldu dute udal iturriek.

Zehaztu dutenez, alokairua ordaintzen laguntzeko ekimena «Galdakaon erroldatuta dauden eta alokairuzko etxebizitza libre batean bizi diren gazteentzat» da.

Onuradunak

Laguntza lerroak hiru onuradun mota ditu: «banakakoak, alokairuaren titularkideak (etxebizitza partekatzen dutenak, baina bizikidetza unitatea osatzen ez dutenak) eta bikote batek osatutako bizikidetza unitateak (ezkonduta edo antzeko harreman iraunkorrean), ardurapean adingabeak izan zein ez».

Irizpideei dagokienez argitu dute hurrengo hauek direla: «diru sarrerak, etxebizitza premia bereziko egoera (genero indarkeriaren biktimak, familia ugariak edo guraso bakarrekoak, eta desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak dituzten unitateak), eta etxebizitza eskatzaileen erregistroko inskripzioaren antzinatasuna».