Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Ekintzaile izateko herrialde arriskutsuenak

(Delmer MEMBRENO / DPA/ EUROPA PRESS)

Kolonbia, Mexiko, Guatemala, Brasil eta Peru dira ingurugiroaren defendatzaile edo giza eskubideen aldeko ekintzaile izateko herrialde arriskutsuenak Latinoamerikan. Front Line Defenders (FLD) gobernuz kanpoko erakundearen arabera, soilik 2024. urtean 257 heriotza egon ziren, mundu mailan egondako heriotza guztien %80. Aipaturiko herrialdeetan dauden gatazka armatuak eta eredu estraktibistak daude gehien bat heriotza horien atzean, baina baita estatuen babes gabezia, inpunitatea eta «ingurugiroa babesteko legedien indargabetzea» ere. 2023rekin alderatuta, arazoa areagotu egin dela ohartarazi du Global Witnessek. Orduan, mundu mailan 196 ekintzaile hil zituzten, horietatik 166 Latinoamerikan. FLDren bozeramaile den Julia Limak salatu duenez, «egoerak okerrera egiten jarraitzen du». «Ingurugiroaren aldeko ekintzaileak kriminalizatzeko joera handitzen ari da. Biktimen nekea eta inpunitatea areagotzen ditu horrek». Kolonbian, esaterako, aurtengo lehenengo hiruhilekoan gutxienez 39 hilketa erregistratu dituzte. Mexikon «arrazismo sistemiko» bati aurre egin behar diotela nabarmentzen du FLDek; Amazonian, berriz, milizia armatuei, narkotrafikoari, legez kanpoko meatzaritzari... Irudian, Berta Caceresen heriotza salatzeko 2012an Tegucigalpan egindako mobilizazio bat.