Markel DE BILBAO

Gerra judiziala, espioitza eta nazioarteko akordioak xenofobiaren esanetara Italian

Gerra judizialaren, espioitzaren, eta beste herrialdeekin sinatutako akordioen bitartez, Italiako Gobernuak migranteen eta gobernuz kanpoko erakundeen langileen aurka egiten du egunero. Maiz, legaltasunetik at dauden erremintekin, gerra judizialetik espioitzaraino. Xedea, asilo-politika gogortzea.

Italiara iritsitako migratzaileak Lampedusan zabaldutako «Hotspot»-ren kanpoaldean.
Italiara iritsitako migratzaileak Lampedusan zabaldutako «Hotspot»-ren kanpoaldean. (Cecilia FABIANO/LaPresse via ZUMA Press/DPA-EUROPA PRESS)

Haien aburuz, legez kanpoko immigrante bat bortxatutako emakume bat baino garrantzitsuagoa da», esan zuen Italiako presidente den Giorgia Melonik 2022ko hauteskunde-kanpainako mitin batean.

Ez da berria ultraeskuinak migrazioa bandera bihurtzea, are gutxiago Europa hegoaldeko herrialde bat izanik. Hala ere, Meloni Quirinal jauregian sartu zenetik gobernu italiarrak erasoaldia areagotu egin du, ez migratzaileen aurka bakarrik, baita haiei laguntzen saiatzen diren boluntarioen aurka ere.

Oker legoke eraso hauek Meloni boterera iritsi izanari soilik egoztea. Bera baino lehenagoko gobernuek hainbat politika murriztaile ezarri zituzten immigrazio irregularra geldiarazteko.

2018an, Matteo Salvini (Lega), Barne ministro izendatu zutenean, gobernuz kanpoko erakundeek Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileei portuak ixteko agindu zuen, eta erakunde horien jarduna kriminalizatu zen. Segurtasun Dekretuak (2018-2019) onartu ziren: babes humanitarioa ezabatu zen, egoitza-baimenak lortzea zaildu, eta asilo-eskatzaileentzako udal-zerbitzuak murriztu ziren.

Libiarekin 2017an sinatutako hitzarmen baten bidez, hango kostazainek migratzaileak itsasoan atzeman eta Libian sartu zituzten berriro, bizi-baldintza gogorretan. Era berean, hotspot sistemaren bidez iritsi-berrien sailkapen azkarra ezarri zen, eta kanporatze-zentroak (CPR) handitu ziren. Hala ere, Fratelli d’italiako buruak gobernatzen duenetik, migratzaileen eta gobernuz kanpoko erakundeen aurkako erasoak zuzenagoak eta bortitzagoak izan dira. Etengabeko gerra judizialetik hasi eta ezkutuko espioitzaraino, hirugarren herrialdeekin legezkotasun zalantzagarriko akordioak eginez. Exekutibo berriak helburu argi batekin ezarri ditu neurri hauek: asilo-politika gogortu eta immigrazio irregularra oztopatzea.

Italiako lehen ministro ohia, Matteo Salvini, 2024ko abenduan, Palermon bere kontrako auzibide judizialean. Igor PETYX / EUROPA PRESS

GERRA AUZITEGIETAN

Eremu judiziala, lege nazionalek zein europarrek babestua, Italiako Gobernuak immigrazioa geldiarazteko duen tresna nagusietako bat da. Ontziak ibilbide luzeagoak egitera behartzen dituzten araudietatik hasita, delituak gaizki interpretatzeraino, epaileak eta auzitegiak Mediterraneoko dramaren azken bermatzaile -edo arduradun- bihurtzen dira sarritan.

Legearen interpretazioa zabala da, eta, Europako Batasuneko «Bideratzaile Paketea» delakoaren ildotik, magistratuek migratzaileak zein langile humanitarioak prozesatzeko tresna eraginkor bihurtu dute «immigrazio irregularra bultzatzeko» delitua.

Delitu horrek, teorian, pertsonen salerosketarekin negozioa egiten duten mafiei aurre egitea du helburu. Dokumentu faltsuen, garraio klandestinoaren, ezkutatzearen, informazioa faltsutzearen edo beste edozein engainuren bidez, mugak legez kanpo gurutzatzea errazten duena zigortzen du. Hala ere, horren aplikazioa haratago joan da. «Kinsa kasua» dugu horren adibide. Indarkeriaz eta heriotzaz beteriko giroa atzean usteko asmoz, Kongotik ihes egin eta Boloniako aireportura iritsi zen O.B, bere alabarekin eta ilobarekin batera. Europako lurzorua zapaldu bezain laster, «immigrazio irregularra sustatzearengatiko» delitua leporatu zioten, bi «adingaberentzako dokumentazio faltsua erabiltzearengatiko astungarria» barne; aireportuan bertan atxilotu zuten.

Sei urteko borroka judizialaren ondoren, non neskengandik banandu zuten, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen arrazoi humanitarioengatik adingabe bat tutoretzapean irregularki sartzea ez dela delitua.

Horrez gain, azpimarratu zuen pertsonen trafikoa arautzen duten legeek ezin dutela EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunarekin gatazkarik sortu, bereziki haurren interes gorenari dagokionez. Bere abokatuak «historikotzat» jo zuen erabakia, eta «Bideratzaile Paketearen» aurrean kontrapisu garrantzitsutzat finkatu zuen.

Arci Porco Rosso gobernuz kanpoko erakundeak, egoitza Palermon duenak, urteak daramatza migratzaile horien «kriminalizazioa» dokumentatzen eta salatzen. 2021eko txosten batek, Alarm Phonerekin batera egindakoak, agerian utzi zuen 2013 eta 2020 bitartean 2.559 pertsona akusatu zituztela horrelako delituengatik. Azken urteko txostenean, 2024an, 106 kasu soilik zenbatu zituzten.

Migratzaileak ez ezik, beste batzuk ere izan dira kriminalizazio horren jomuga. «Mediterraneoko auziak» agerian uzten du GKEek gobernuaren erasoaldian duten funtsezko rola. 2020ko abuztuan, Maersk Ettiene petrolio enpresa daniarrak alerta bat jaso zuen Maltako agintariengandik, itsasoan noraezean zegoen migratzaile talde bat erreskatatzeko. Eskifaiak erreskatea burutu zuen, ez Maltak ez Italiak ez zuten lehorreratzea baimendu.

Bitartean, 27 pertsona 38 egunez egon ziren ontzitik jaitsi barik, Mediterranea gobernuz kanpoko erakundeak lekualdatzeko eskaintza egin zuen arte. Zortzi hilabete geroago, Maersk ontzi enpresak 125.000 euro eman zizkion erakundeari, eskertzeko keinu gisa. Fiskaltzarentzat, ordea, dohaintza hori Mediterraneoak pertsonen trafikoarekin irabaziak dituela erakusten duen ustezko froga da.

Erasoaldia ez da delituen interpretaziora mugatzen. Egungo Barne ministroaren Piantedosi Dekretua erreskateko GKEen lana oztopatzera bideratutako arau bat da.

2023an «migrazio ordenatua» bermatzeko «jokabide kode» gisa aurkeztu zen, eta ontzi humanitarioak operazio bakoitzaren aurretik baimena eskatzera behartzeaz gain, bidaia bakoitzeko erreskate bat baino gehiago egitea debekatu zieten. Hori gutxi balitz, trabak jartzen dizkiete berez baimenduta dutena baino pertsona gehiago jasotzeko eta, sarritan, herrialdearen beste puntan dauden lehorreratze portuak esleitzen dizkiete.

Legearen eta haren interpretazio murriztailearen barnean, Italiako auzitegiak gero eta oztopo handiagoak jartzen ari dira bai migratzaileen bidean, bai haiei laguntzen saiatzen diren GKE denenean.

ESPIOITZA, ARMA ISIL GISA

Italiako Gobernuak irekitako beste auzi bat GKEei eta haien ekintzaileei egindako espioitza da. Otsailean agerian geratu zen Meloniren gobernua Paragon Solutions Israelgo espioitza enpresarekin lotzen duen iskanbila. 2019an sortua, Paragonek Graphite programa erabiltzen du, hainbat gobernuk elkarrizketa pribatuetan eta mezularitza talde itxietan sartzeko erabiltzen dutena.

Italiako kasuan, Mediterranea Saving Humans GKEko bi ekintzaile izan ziren biktimak: Luca Casarini eta Beppe Caccia, biak ere erreskate lanetan sarri ibiltzen direnak. WhatsApp aplikazioaren jabe den Meta konpainiak eman zuen abisua, eta hark eman zien kaltetuei espioitzaren berri. Pegasus kasuaren ereduari jarraituz, Metak The Citizen Lab zibersegurtasunean espezializatutako zentrora joatea gomendatu zien, sarkina baieztatu baitzuen.

Meloniren Gobernuak edozein inplikazio ukatu zuen arren, salaketaren ondoren gertatutakoak lotura nabarmena iradokitzen du. Gobernu italiarrak «klausula moralak» errespetatu ez izanagatik, Paragonek kontratua eten zuen. Horrez gain, espioitza 2019an hasi zela adierazi zuen The Citizen Labek, Giuseppe Conte (5 Izar Mugimendua) eta Mario Draghiren gobernupean, agerian utziz jarduera horiek ez direla egungo exekutiboarenak bakarrik.

Matteo Salvinik ez zion kasuari garrantzi handirik eman nahi izan, eta adimen zerbitzuen arteko «kontu garbiketa» gisa kalifikatu zuen.

Espioitza, hala ere, ezin hobeto egokitzen da Gobernuak migratzaileen eta horiek defendatzen dituztenen aurka egiten duen erasoaldiarekin.

Mediterranea Saving Humansek, Libiatik ihes egiten duten pertsonak erreskatatzeaz gain, Italiako Gobernuak figura gatazkatsuekin dituen loturak ere salatu ditu, hala nola Libian migratzaileak hiltzen diren espetxeetako baten arduraduna den Osama Almasrirekin dituenak.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen Italiako lehen ministroa den Giorgia Melonirekin, artxiboko irudi batean. Cecilia FABIANO / EUROPA PRESS

Pasa den urtarrilean, Italiak Almasri atxilotu zuen Milanen, gizateriaren aurkako krimenengatik salatuta, Brasilen eta Milanen arteko partida batera zihoala. Akusazioak gorabehera eta Nazioarteko Zigor Gortea jazarri arren, Meloniren gobernuak handik gutxira askatu zuen, «prozedura akatsak» argudiatuz, eta Tripolira bueltan bidali zuen hegaldi ofizial batean. Oposizioaren esanetan, keinu hori mesede bat izan zen Libiarentzat, duela zortzi urte sinatutako migrazio akordioak mantentzearen truke.

Almasriren kasua Europa urteetan aplikatzen ari den mugen esternalizazioaren adibide argia da, non erregimen autoritarioekiko lankidetza giza eskubideen defentsaren gainetik jartzen den.

2017. urtean, Italiak eta Libiak Ulermen Akordioa sinatu zuten, «legez kanpoko immigrazioa» kontrolatzeko asmoz. Ordutik, Italiak Libiako kostazainekin lankidetzan jardun du ontziak desbideratzeko eta pertsonak Libiako atxikitze-zentroetara itzultzeko. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak, Nazioarteko Dosierrak eta Nazio Batuek giza eskubideen urraketa sistematikoak dokumentatu dituzte zentro hauetan.

2020an berritu zen akordioa, eta indarrean jarraitzen du. Newcastleko Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen hiltzeko probabilitatea handiagoa dela Libiako kostazainek zaindutako eremuetan, eta migrazio fluxuak geldiarazi beharrean, Mediterraneoko mendebalderantz mugitu direla.

ALBANIAN, ESPETXE ZENTROAK

«Soluzio berritzaileak» eta «paradigma berriak» bilatzeko aitzakiarekin, Melonik Albaniako espetxe zentroen sorrera ere bultzatu du, esternalizazio politikaren isla gisa. Legearen ziurgabetasuna eta ezartzen duen aurrekari arriskutsua gorabehera, Gobernuak 40 migratzaile eraman zituen apirilean ondoko herrialdean kokatutako instalazioetara. Horrela, Meloni, EB «porrot egindako proiektutzat» jotzetik, neurri batean, «Europako migrazio politika» ezartzera igaro da. Horren erakusgarri da EBk, itzulketak bizkortzeko helburuarekin, zazpi herrialde «seguru» izendatzeko hartu berri duen erabakia, horien artean dago Albania.

Gobernuz kanpoko erakundeen etengabeko salaketek Europako gobernuak jomugan kokatu dituzte. Ekintzaileen eta haien erakundeen aurkako eraso berrituek duela urte batzuetatik migratzaileen eskubideak errespetatzea eta babestea eskatzen duten ahotsak isilaraztea besterik ez dute bilatzen.