Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Valentzian tanta hotzak kaltetutako etxeko bideoak berreskuratzeko ekimena

Hondamendiek maiz pertsonak, kotxeak, etxeak arrastaka eramaten dituzte. Bizitzan zehar pilatutako ondare emozionala ere birrindu dezake triskantzak, etxeko argazkiak eta bideo zintak kasu. Valentziako tanta hotzak kaltetutako ondare hori berreskuratzeko lanean ari dira.

Irudian, Pablo Maravi Martinez, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea.
Irudian, Pablo Maravi Martinez, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea. (EHU)

Pasa den urriaren amaieran tanta hotzak triskantza eragin zuen Valentzian. Euriak eta lokatzak arrastaka eraman zituzten herritarrak eta haien ondareak. Batzuek bizia galdu zuten eta askok bizitza osoan eraikitakoa birrinduta eta txikituta ikusi zuten begien aurrean.

Horrelakoetan, bada hain bistakoa izan ez arren, garrantzitsua den beste galera bat: etxean jasotako argazki eta bideoak. Pasa den azarotik martxan dagoen “¡No las tires!” izeneko ekimenak ondare emozional hori hartzen du kontuan. Etxeko Zinemaren Sareak sustatu du ekimena, eta Valentziako Filmategia, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa (UPV) eta UNESCO Forum Katedra ditu bidelagun. Azken hilabeteotan jo eta su ari dira lanean uholdeek kaltetutako familien memoria kolektibo eta ikus-entzunezkoen zati bat berreskuratu nahian. Valentziako 70 udalerri baino gehiagotan ari dira horretan.

Pablo Maravi Martinezek, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta AKMEKA ikertaldeko kideak, bat egin du ekimen solidario horrekin, eta uztailean astebete eman du Torrenteko L 'Horta Eskualdeko Museoan. Formatu elektromagnetikoan dauden bideoak berreskuratzen aritu da. «VHS, Super VHS, Video 8, Mini DV, Betamax... normalean familian erabili izan ditugun bideo zinta horiek berreskuratzen ari gara. Etxeko bideo zintak», azaldu du Pablo Maravik. Bera prozesuan sartu aurretik, beste boluntario batzuk aritu dira lehen garbiketa lanak egiten, zinta horiek zabaltzen, lokatza kentzen... «sekulako lan fina egin dute. Etxeetan berreskuratutako zinta horiek garbitu dituzte eta gure egitekoa izan da horiek digitalizatzen saiatzea. Gu ere aritu gara garbiketa lanetan, baina lanik handiena eginda zeukaten aurretik boluntarioek».

boluntario talde bat etxeko bideo zintak berreskuratzeko lanean. EHU

Beti ez da posible izaten irudi horiek digitalizatzea. «Formatuaren arabera, batzuetan zailtasun handiagoak izaten dira. Adibidez, VHS eta antzeko formatuak errazagoak dira berreskuratzeko orduan. Esango nuke, gutxi gorabehera, bildutako materialaren %80 berreskuratzea lortu dugula. Ekimena oso arrakastatsua izan da. Nik uste nuen material askoz gehiago galduko zela, baina irudi asko berreskuratu dira».

Jaunartzeak, ezkontzak, urtebetetzeak, oporrak, jaiak... etxeko bideo horietan une zoriontsuak daude jasota orokorrean. «Digitalizatu ditugun irudi gehienak familiako ospakizunak dira, une zoriontsuak. Valentziako familia ‘fallazale’ baten ikus-entzunezko oroitzapenak ere digitalizatu ditugu. Baina gehienak elkarguneak dira».

Oraindik ez dituzte familien eskura jarri digitalizatutako irudi horiek, baina pentsatzekoa da balio emozional handiko ekarpena izango dela. «Horrelako egoera tragikoetan, materialok berebiziko balio sinbolikoa hartzen dute. Baliteke 30 urtez ganbara batean galduta eta ahaztuta egon izana, baina orain esangura handia izan dezakete». Izan ere, uholdeen ondorioz bere ondare materiala hain kaltetuta ikusi duenak bere ondare ez materialaren zati bat jasotzeko aukera izan dezake proiektu honi esker, etxekoen memoria kolektiboaren zati bat.

VIDEOFLUX PROIEKTUA

Pablo Maravi AKMEKA ikertaldeko kidea da. Ikertalde horren proiektuetako bat da VideoFlux deiturikoa. Proiektuaren ardatza bideo fitxategi analogikoak aztertzea, kontserbatzea eta berreskuratzea da. «Orain arte, zeregin nagusia izan du euskal artistek egindako bideo sorkuntzak digitalizatzea eta testuinguruan jartzea, horietako asko ahaztuta edo eskuraezin izan baitira jatorrizko euskarriak hondatu direlako. Ekimen honen bidez, garrantzi kultural handiko ikus-entzunezko ondarea balioestea lortu da, Euskal Herriko arte esperimentalaren historia hurbilaren parte diren lanak ikusaraziz», nabarmendu dute ikertzaileek.

Lokatzetatik berreskuratutako bideo-zintak, lehortzen. EHU

Hartara, VideoFlux proiektuak zabaldu egin du ekintza eremua, Valentziako Erkidegoa astindu zuten uholdeek kaltetutako etxeko bideoak berreskuratzen aritu baita. Material horiek eremu artistikokoak eta instituzionalekoak ez diren arren, proiektuaren ibilbidean jorratutako erronka teknikoen oso antzekoak planteatzen dituzte: euskarri hauskor eta zaharkituen tratamendua, eskuzko garbiketaren beharra eta ekipo espezifikoen bidezko digitalizazioa. Maravik azaldu duenez, irudi horiek zaharberritu eta digitalizatzeko prozesu teknikoa normalean erabiltzen dutenaren oso parekoa da. Irudi horien edukian dago desberdintasun handiena, artxibo intimo eta familiarrak izan baitituzte eskuartean Valentziako proiektuan. «Teknikoki oso antzeko lana izan da. Katalogazioa, errestaurazioa, zaharberritzea, digitalizazioa... normalean VideoFlux proiektuan egiten ditugun urrats berak egin ditugu. Baina normalean arte lanekin egiten dugu lan eta kasu honetan familia artxiboekin eta irudi oso desberdinekin», azaldu du Maravik. «Etxeko zineak eta bideoek oso gai eta estetika zehatzak jorratzen dituzte: normalean familia baten une zoriontsuak edo esanguratsuak irudikatzen ditu, modu amateurrean», amaitu du EHUko irakasleak.