Etorkizun beltza

Gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea dira ostadarraren kolore nagusiak, badakigun arren horiek baino askoz gehiago ere gordetzen dituela bere baitan. Zein ederra, zein koloretsua, alaia. Beltza, ordea, ez da oso kolore maitatua zentzu horretan. Iluna da, eta iluntasuna beldurgarria omen da, arriskutsua. Zenbaitek beltzez margotu dute etorkizuna edo, tira, beltz irudikatzen dute. Belztasun (ikus: ilun, beldur, arrisku) horren arrazoia gaurko gazteria dela diote, bai ote? Iragana nostalgiaz gogoratu eta oraina, eta ondorioz, etorkizuna ez dituzte oso baikor ikusten.
Beltza, ordea, kolore ederra da. Hainbatek beltza dute azala eta Afrika gizakion jatorria da, askok ahaztu edo ukatu egin nahi badute ere. Beltza da gaua, eta gauaren iluntasunean izarrak ikusten ditugu, argitsu eta distiratsu. Izarrek, erreparatzen jakinez gero, bidea erakusten digute eta haien pean, lo goxoan amestu egiten dugu. Beraz, etorkizunaren belztasun (ikus: sustrai, amets, begirada jakintsu) hori betetzen ari diren ametsez betea dago.
Etorkizuna ez bezala, iragana ikus dezakegu eta are, hobe dugu ondo gogoratzea, ikasteko eta amesten jarraitu ahal izateko. Kolore guztietako ametsak zituen Markel txikiak pailazo izatearekin, Takolo, Pirritx eta Porrotxi begira hazi eta heziak; izan ere, zein garrantzitsua den erreferente(ak) izatea. Markel nerabeak pailazo begietatik so egiten zion gure munduari, bere buruari eta ingurukoei zer egin bazegoela sinetsaraziz. Kultura eta giza balioak denonak eta denontzat diren mundu batean jaio zen Zapotxin, Markelen barruan bizi zen pailazoa. Eskusoinua bularrean eta bihotza sudur gorrian, begi zuri zabalak eta bizar beltzaren ile artean prest du irria. Markelek Zapotxin du bere barnean, edo Zapotxin Markelez janzten da kalera irteteko?
Bina disko eta ikuskizun kaleratu ditu dagoeneko 25 urte eskasekin. Duela ia hiru hamarkada ziur naiz bazirela etorkizuna ezkor irudikatzen zutenak. Euskararen bidean oztopoak eta zuloak baino ikusten ez zituztenak, antzerkia eta umorea erdararenak izango zirela pentsatzen zutenak. Eta hain zuzen ere, horregatik da horren garrantzitsua kolore eta etorkizun beltza, Markelena bezalako ametsez beteak behar ditugulako Euskal Herria eta mundua. Iragana erreferentez betea dago, oraina ameslariz eta etorkizuna, itxaropenez.
Amets batetik bestera, Maripanpalona sorgina, Serafino Bonbardino, Amona Badalona eta beste hainbat lagunek bat egin dute Zapotxinekin. Libe Yek ere bazekien gauaren iluntasunean amets egiten, eta badaki, eta gorputza eta ahotsa ematen die hamaika pertsonaiari. Guztion zorionerako, Graxiana sorginak lapiko aurrean esandakoekin sorgintzen gaitu bikoteak ikuskizun berrian. Lurraren emankortasuna, elkarri lagunduz elkarrekin gozatzea, natura zaintzea eta beste hamaika irakaspen helarazten dizkigute bertsotan, kantuan eta dantzan. Bihurrikeria samurretan herriz herri eta irriz irri dabiltzala, umorea eta maitasuna eman eta jasotzen dituzte garai batean pailazoei begira zeuden haurrek, pailazo bihurtu eta gaurko haurrei begietara begira. Eta garai bateko erreferenteek, erreferente izaten jarraitzen dutenek, haien haur izandakoen ametsak betetzen ikusten dituztenean, ilargiak txiribueltak egin eta izarrek indartsuago egiten dute distira gau beltzean.
Eta haiek bezala, ametsak egia bihurtuz, norbere eremutik, mundu hobe bat eraikitzen ari diren gaztez betea dago gure herria. Begietatik begietara eta bihotzetik bihotzera, nola ez dugu etorkizun beltzarekin amestuko? Akaso, horixe da baratxuri zoparen sekretua… •