Pedro Sanchez, pistako txirrindularia
Hasteko, egiaztapen bat: PSOE 78ko Erregimeneko funtsezko alderdia izan da. Trantsizio deitutako transakzioa legitimatzeko ezinbestekoa zen sektore antifrankista zabalak integratzea, eta PSOEk berebiziko papera jokatu zuen horretan. Gerora ere, ñabardurak ñabardura, bere ibilbidean zehar ez ditu Erregimenaren zutabe nagusiak auzitan jarri. Horren parte izanik, ustelkeria kasu ugari ere izan ditu, eta orain ere, badaezpada, ez nuke eskua sutan jarriko.
Dena den, kasu honetan nobedadea ez dira balizko ustelkeria kasuak -horiek frogatu egin beharko dira-, baizik eta horren aitzakian Sanchez eta PSOE jasaten ari diren setioa. Nola da posible? Nori, eta PSOEri? Nire hipotesia honakoa da: askotan bere borondate partikularren kontra bada ere, Sanchezen biziraupen senak 78ko Erregimenak ezarritako mugetako batzuk bistarazi edo gainditzera eraman du, ezusteko arrakalak sortuz.
Abiapuntua: 2019ko azaroko hauteskundeen ostean, kanpo zein barne presioen aurrean, Sanchezek presidente izateko erabaki irmoa hartu zuen. Hori nola egin, ordea? Zentsura mozioan nola, bipartidismoaren logikek ez zioten balio, eta gehiengoa osatzeko bestelako aliantzak bilatu behar zituen nahitaez: BNG, ERC... eta EHBildu! Oi, ai, ene bada! Sanchezek berak aurrez mila bider errepikatu zuen «mundu horrekin» ez zuela hitz egin ere egingo: «Bildu dagoen edozein konbinaziotan PSOE ez da egongo», zioen. Aldiz, presidente izateko EHBilduren abstentzioa behar zuen nahitaez. Erresistentziarako eskuliburuari jarraiki, gogoz kontra bada ere, azkenean horri esker berritu zuen kargua -hori aski ez, eta “populista” arriskutsuak gobernukide zituela-.
Erregimenaren zaindarientzat hori gehiegi zen: “nazionalista moderatuekin” hitzartu zitekeen (esaterako, 1996an Aznar EAJren eta CiUren babesari esker bilakatu zen presidente), baina Espainia hautsi nahi zuten independentistekin eta, bereziki, EHBildurekin egitea onartezina zen guztiz. Hori ustelkeria politiko eta moralaren ernamuina omen zen, nazio espainol santuaren galbidea -gogora dezagun Sanchezen zin egitean erregeak zuen muturra-.
Aliantza horien abaroan, bazkideek akuilatuta, zenbait politika aurrerakoi egin zituen Sanchezen Gobernuak: bakegintzan, eskubide sozialetan... Asko ez ziren inondik ere nahikoa, baina bai botere faktikoak sumintzeko aski. Ildo horretan, mugarri nagusia Amnistiaren Legea izan zen. Horrelakorik! Kasu honetan ere kontraesana nabarmena da: 2017an Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen alde egin zuen Sanchezen PSOEk, hamaika preso eta iheslari eraginez; gero, 2024an, horiek amnistiatu zituen. Hala ere, bere hipokrisia gorabehera, efektu politikoa argia izan zen: 78ko Erregimenak onartezintzat jotako beste muga bat gainditu zen.
Aznarrek orduan egin zuen gerra deklarazioa: «Egin dezakeenak egin dezala!». Setioa areagotu egin zen, eta, Begoña Gomezen kontra egitean, Sanchezek lau egunez karguan jarraitu edo ez hausnartu zuen 2024ko apirilean. Azkenean aurrera egitea erabaki zuen: «Hau ez da puntu eta segida bat izango, hau puntu eta aparte bat izango da», iragarri zuen. Alabaina, “Gerrari ez” bezalako salbuespenekin, politika nahiko segidistak egin ditu gerora, iniziatiba hartzeko zailtasunekin. Erreakzionarioek, jakina, ez dute barkatu, eta ofentsiba politiko, judizial eta mediatikoa biderkatu dute.
Gaur arte. Eta orain zer? Edo, bestela esanda, hurrengoa nor? Erregimeneko botere nagusien estrategiak argia dirudi: kolpez kolpe, epe motzera Sanchez eta bere Gobernua eraitsi nahi dute; epe ertain eta luzera, berriz, PSOE “dagokion” lekura itzuli eta halakorik berriz gerta ez dadin Erregimena are giltzarrapo estuagoekin itxi -adibidez, alderdi independentisten ordezkaritza elektorala murriztuz-.
Sanchezi dagokionez, beste behin pistako txirrindularien antzera dagoela esango nuke: ez du atzera egiterik, baina ezta bertan geratzerik ere, pedalei eragin ezean erori egingo baita. Beraz, biziraungo badu, pedalei eragin beharko die derrigor, “puntu eta aparteak” eraginez -zalantzarik gabe, nazio auzia da nabarmenena-. Eta herri gisa? Nire iritziz, eszenatoki posible guztiak prestatzeaz batera, arrakala horiek zizelkatzen ere jarraitu beharko da. •
Ezer berririk ez
Pedro Sanchez, pistako txirrindularia

Erreparazio kolektiboa, Orioko kasutik ikasten

«Turismoaren auzia zure oporretan jokatzen dela pentsatzea norbere zilborrera begiratzea da»

