
1994ko abuztuak 24 hartan, Carlos Bueren Auzitegi Nazionaleko 1. epaitegiko titularrak, Pepe Rei (Barca de Barbantes, Ourense, 1947ko apirilaren 13a - Donostia, 2021eko martxoaren 9a) kazetari beterano eta ospetsua espetxeratzeko agindua eman zuen, ustez ETArekin kolaboratzeagatik. ‘Interviu’-ko erredakzioko eta estatuko beste aldizkari batzuetako kazetariek, baita politikari eta intelektual askok ere, elkartasuna adierazi zioten Pepe Reiri.
Pepe Rei atxilotu zuten aldietako bat izan zen. 2001eko urtarrilaren 18an berriro atxilotu eta espetxeratu zuten, bihotzeko ebakuntza bat izan zuela kontuan hartu gabe. Sumarioaren arabera, bere bulegoan 16 enpresaren txostenak aurkitu zituzten, eta horietako lauk ETAren atentatu bat jasan zuten. Txostenak bere ikerketa lanerako erabiltzen zituen.
Halere, banda armatuarekin kolaboratzearen ustezko delitua leporatu zioten eta Pepe Reik «itua finkatu eta ETAk eraso egiten zuen» arbuiatu zen. Lelo hori ‘Egin’-en kazetaritza lanari eraso egiteko erabili ohi zen argudioa bihurtu zen.
Jaiotzez galiziarra izan arren (Barbantesen jaio zen, Ourensen, 1947an) eta galiziarra izateaz oso harro zegoen arren, Pepe Reik Euskal Herrian aurkitu zuen berezko lekua, bai politikan, bai lanbidean. Galizan hasi zuen bere kazetari ibilbidea, 70ko hamarkadan Euskal Herrira etorri zen arte. Besteak beste, Madrilgo ‘Ya’, ‘La Voz de España’-n, ‘El Periodico de Cataluña’-n eta ‘Interviu’-n aritu zen lanean.
‘La Voz de Euskadi’ egunkariko proiektuaren zuzendaria izan zen ere 80. hamarkadaren hasieran, hau da ‘La Voz de España’ eta ‘Unidad’ egunkarietako langileek bultzatu zuten egunkariarena.
Ez zen aurrera atera, eta ‘Punto y Hora’ aldizkariko kolaboratzailea izan ondoren, ‘Egin’ egunkariko kiroletako burua izendatu zuten. Baina ikerketa zuen maite, eta Auzitegi Nazionalak ‘Egin’ itxi zuen arte, 1998an, herri honen ustelkeria eta azpijokoak azaleratu zituen: EAJren irregulartasunak salatu zituen, baita enpresari batzuek, Intxaurrondoko guardia zibilen laguntzarekin, Gipuzkoan osatu zuten droga-trafiko sarea ere.
Ondoren, lan berbera egin zuen ‘Ardi Beltza’ aldizkarian, bera zuzendari lanetan. ETArekin lotura izatea leporatuta auzipetu zuten behin baino gehiagotan, baina sekula ez zuten zigortu horregatik.
Kazetari lanaz gain, Reik hainbat liburu idatzi zituen: ‘El Jesuita’, ‘La cloaca vasca’ eta ‘La red Galindo’ esaterako.
2002an izan zuen auto istripu latzaren ondorioz, ia bi hamarkada eman zituen osasunez oso makal, gurpil-aulki bati lotuta eta laguntzaren beharrean Pepe Reik. Donostian hil zen, hainbeste maite zuen Donostian bertan.