GAUR8

Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatorioak ostiralean irekiko du matrikulatzeko epea

Ostiralean (hilak 29) irekiko dute matrikulatzeko bigarren epea Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan, eta irailaren 1era arte jasoko dituzte eskaerak ohiko bideetatik, online eta aurrez aurre Herritarren Arretarako Bulegoetan.

Irudian, dantza erakustaldi bat Bilboko kaleetan.
Irudian, dantza erakustaldi bat Bilboko kaleetan. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak 2025-2026 ikasturterako bigarren matrikulazio epea irekiko du ostiral honetan (abuztuak 29). Izena emateko epea irailaren 1era arte egongo da zabalik, ohiko bideen bitartez.

Horren haritik, Udalak ohar baten bidez jakinarazi du eskaerak ikastetxeko idazkaritzan egin daitezkeela, 9.30etik 14.00etara: Herritarren Arretarako Bulegoetan, aurretiko hitzordua eskatuz; eta online, Bakq edo NAN elektronikoa bezalako ziurtagiri digitala erabiliz.

Dantzarekin lehen kontakturako eta dantza-aurreko (5-7 urteko haurrentzat) ikastaroetan interesa duten ikasleek ez dute sarrera-probarik egin beharko, matrikula irekita baitago plaza libreak dauden bitartean. Hala ere, Oinarrizko Irakaskuntzan eta Irakaskuntza Profesionalean sartzeko irailean egingo diren sarbide-probak egin behar direla gogoratu dute.

Jose Uruñuela kontserbatorioak dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu, dantza klasikoaren espezialitateko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak. EAEn horrelako ikasketak dituen zentro ofizial bakarra da.

Horiez gain, arautu gabeko ikasketak eskaintzen ditu, dantzan lehen urratsak egiteko eta dantza-aurreko ikastaroak, haurrei zuzenduta.