
Hurrengo hilabeteetan bukatuko dira Abastos plaza eta elizpea birgaitzeko proiektuaren lan nagusiak, eta behin horiek amaituta, espazio berri horiek hornitzeko faseari ekingo dio Laudioko Udalak.
Altzariak, landaredia eta espazio horien akaberaren inguruko ekarpenak bilatzen ditu udal ekimenak, eta egin beharreko inbertsioak definituko dituzte ekarpen horiek, zehaztu du Udalak zabaldutako informazioan.
Espazio publikoaren erabilera eta herritarren aldetik izan behar duen gozamenerako ikuspegia ere aipatu dituzte herritarrei luzatutako gonbidapenean, alderdi biak izan daitezen kontuan hartuta.
Gune publiko berriak izango duen erabilera eta irudia definitzeko prozesuan, herritarren ekarpenak biltzeko ekimena jarri dute abian. Irailaren 15era arte egongo da zabalik Herriko Plaza eta elizaren ondoko inguru berri hori janzteko ideiak aurkezteko epea.
Ekarpenak partehartzea@laudio.eus helbide elektronikora bidali behar dira, baina aurrez aurre ere egin daitezke Udaletxeko bigarren solairuan, parte hartze teknikariari aurkeztuta.
«Helburua da guztion artean espazio berri hau hornitzea, laudioarren gozamenerako leku bat sortuz», adierazi du Ludi Temiño Laudio Haziko zinegotzi arduradunak.