Schengengo Ituna sinatu eta 40 urtera, mugak sendotzen ari dira, desagertu ordez
Hitzarmena urrats garrantzitsua izan zen Europako Ekonomia Erkidegoa irudikatzeko, merkatu erraldoi bat baino zerbait gehiago balitz bezala. Izan ere, oso esanguratsua da gaur egun Europako herritarrek pentsatzea pertsonen zirkulazio askea dela Europar Batasunaren lorpen nabarienetako bat.

Ekainaren 14an 40 urte bete ziren Schengengo Ituna sinatu zenetik. Egun hartan bost herrialde sinatzaileek beraien arteko barne mugetako kontrolak ezabatzea erabaki zuten. Pertsonen zirkulazio askea jasota zegoen Europako Ekonomia Erkidegoaren 1957ko Itunean (Erromako Ituna), baina langileen zirkulazio askeari eta EEEren barruan kokatzeko askatasunari buruzkoa zen. Ez zen aipatzen estatuko mugetan kontrolak kenduko zirenik.
Nolabait ere, merkatu bakarraren ideiak eskatzen du langileak EEEko beste edozein herrialdetan zirkulatu eta bizi ahal izatea. Ekonomia kapitalistaren funtzionamenduak produktuak eta zerbitzuak askatasunez mugitu ahal izatea eskatzen du, baina baita produkzioan esku hartzen duen guztia askatasunez zirkulatu ahal izatea ere: ekoizpen faktoreak deiturikoak, hau da, kapitala, langileak eta lurra. Ekoizpen prozesuan esku hartzen duen oro merkantzia gisa tratatu behar da, eta, beraz, mugimenduaren oztopoak minimora murriztu behar dira. Jakina, lurrak, edo, oro har, naturak, ezin du zirkulatu. Kasu horretan, ekonomia kapitalistaren funtzionamenduak eskatzen du gainerako herrialdeetako kapitalei lurrerako sarbide askea ahalbidetzea; ez da lurra mugitu behar, nahikoa da kapitalari inbertsioak egin ahal izateko askatasuna ematea.
Merkantziak, kapitala eta langileak askatasunez mugi zitezen lortzea funtsezkoa zen merkatu bakarra eraikitzeko. Testuinguru horretan, mugako kontrolei eusteak ez zuen laguntzen Europar Batasuna espazio bakar gisa irudikatzen. Gainera, barne mugak mantentzeak ikuspegi merkantilistegia ematen zion batasun prozesuari, non herritarrak kapitalaren premien eranskin soilak ziren. Hori izan zen barne mugak ezabatzen hasteko abiapuntua.
SCHENGENGO ITUNA
1985eko ostiral hartan, Alemaniako, Frantziar Estatuko, Herbehereetako, Belgikako eta Luxenburgoko lehen ministroek Schengengo Ituna sinatu zuten Princesse Marie-Astrid itsasontzian, Rhin ibaiaren adarretako batean, Mosela ibaian, hitzarmenari izena eman dion Luxenburgoko herria parean zegoela. Dokumentuak zioen barne mugetako kontrolak pixkanaka desagertuko zirela eta herrialde sinatzaileetako herritar guztientzako zirkulazio askeko eremu bat eratuko zela. Hitzarmena urrats garrantzitsua zen Europako Ekonomia Erkidegoa irudikatzeko, merkatu erraldoi bat baino zerbait gehiago balitz bezala. Izan ere, oso esanguratsua da gaur egun Europako herritarrek pentsatzea pertsonen zirkulazio askea dela Europar Batasunaren lorpen nabarienetako bat.
Bost urte geroago, 1990ean, Schengengo Hitzarmenak hasierako ituna osatu zuen barruko kontrolak kentzeko neurri eta bermeekin. Geroago, 1992ko Maastrichteko Itunak europar herritartasunaren nozioa sartu zuen, eta orduz geroztik, edozein herrialdetako herritar guztiak automatikoki Europar Batasuneko herritar izatera igaro ziren, eta horrek Europar Batasuneko edozein herrialdetan askatasunez zirkulatzeko eta bizitzeko eskubidea ekarri zuen. 2007ko abenduaren 13an sinatu eta 2009ko abenduaren 1ean indarrean sartu zen Lisboako Itunak eskubide hori berretsi zuen.
ESPAZIO HARIKORRA
Europar Batasunarekin lotutako ia gai guztietan gertatzen den bezala, Schengen eremuak xedapen berezi ugari ditu. Gaur egun 29 herrialde biltzen ditu. Lehenik, aipatu behar da Europar Batasuna osatzen duten 25 herrialdeak daudela; guztiak, Irlanda eta Zipre izan ezik. Integratu diren azken herrialdeak Bulgaria eta Errumania dira (aurtengo urtarrilean). Zipreri dagokionez, ebaluazio prozesuan dago gaur egun, Schengen eremuan sartzeko prest dagoen zehazteko.
Irlanda ez da Schengengo kide, baina hitzarmenaren xedapen batzuk aplikatzea erabaki dezake. Britainia Handiarekin zirkulazio eremu komuna du Irlandak, eta Schengen sinatzeari uko egitearen jatorrian dago hori. Sinatuz gero, Irlanda eta Britainia Handiaren arteko bidaiariei irteera eta sarrera kontrolak ezarri beharko litzaizkieke. Gai bereziki sentikorra da Ipar Irlandako mugan, oztopo fisikoa ezartzea suposatzen duelako.
Britainia Handia Europar Batasuneko kide zenean, uko egin zion Schengengo Ituna sinatzeari. Erabili zuen argudio nagusia izan zen uharte bateko nazio batentzat mugako kontrolak immigrazio irregularra eragozteko modu hobea eta ez hain intrusiboa zirela. Britainiarren ustez, «lehorreko muga zabal eta iragazkorrak» dituzten herrialdeentzat egokiak dira beste neurri batzuk, hala nola nortasun kredentzialak, egoitza baimenak eta polizia erregistroak.
Berezitasunekin jarraituz, Danimarka, Schengengo kide izanik, justiziaren eta barne gaien eremuko edozein neurri berritatik kanpo gera daiteke (Schengeni buruzkoak barne), nahiz eta bisen politika komuneko neurri jakin batzuek lotzen duten. Danimarkari eragiten dion beste xedapen berezietako bat da Faroe uharteei eta Groenlandiari buruzkoa, biak Danimarkakoak izanik, ez direlako EBkoak, ezta Schengen eremukoak ere.
Bestalde, lau herrialde, Europar Batasuneko kide izan gabe, Schengen eremuko kide dira: Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza. Europako lau mikro-estatuk -Monako, San Marino, Andorra eta Vatikanoko Hiria- Schengen eremua osatzen dute, Schengengo beste herrialde batzuekin mugak irekita edo erdi irekita mantentzen dituztelako. De facto kide bihurtu dira.
ATZERA-BUELTA
Schengen eremua bultzatu zuten asmo onak desitxuratu egin dira azken hamarkadan. Inflexio-puntua izan zen, 2015ean, Ekialde Ertainetik, Asiatik eta Afrikatik zetozen milaka errefuxiatu Greziako kostaldera irisi izana, eta horrek eragin zuen errefuxiatuen krisia. Une hartan, herrialde batzuek segurtasun arrazoiak argudiatu zituzten mugako kontrolak aldi baterako berriz ezartzeko. Ondoren, 2020an, pandemiak beste argudio bat gehitu zion mugen itxierari: covid delakoaren hedapena saihestea.
Benetako edo irudikatutako krisiei erantzuteko kontrolak aldi baterako ezartzea eta, batez ere, migrazioaren aurkako gurutzada gero eta handiagoa salbuespena beharko lukeena ohiko bihurtzen ari dira. Migrazioaren inguruko barne presio horren ondorioz, gobernu askok amore eman dute eta mugak ixten dituzte. Horrela, salbuespena izan beharko lukeen egoera bat normalizatzen ari da, eta horrek higatu egiten du Europar Batasunaren itunetan jasotako zirkulazio askearen printzipioa.
Une honetan, Alemaniak, Poloniak, Esloveniak, Italiak, Austriak, Herbehereek, Danimarkak, Norvegiak, Suediak eta Frantziar Estatuak muga batzuk edo guztiak aldi baterako ixteko eskatu dute. Hamar herrialde horiek Schengen eremu osoaren heren bat baino gehiago ordezkatzen dute, eta horien artean Europako herrialde handienetako batzuk daude. Horrek barne mugak kentzeko akordioa paper erre bihurtu du. Ituna bertan behera uzteko alegatutako arriskuak migrazioa eta pertsonen trafikoa, terrorismoa eta krimen antolatua dira; Baita, Danimarkaren eta Norvegiaren kasuan, Errusiako zerbitzu sekretuen sabotaje ekintzen arriskua ere.
Salbuespenen aplikazioan proportzionaltasunik ez dagoen arren, eta herrialdeak beren legezko betebeharrak betetzen ari ez diren arren, Europako Batzordeak ez dio inolako arau-hauste espedienterik ireki inongo herrialderi, eta horrek, bestalde, Europaren eraikuntzan garrantzitsuak diren gaiak eta apaintzeko besterik ez direnak argi utzi ditu.
Schengenen urteurrena zela eta, EBko Kontseiluak adierazpen bat onartu zuen, kanpoko mugen kudeaketa «sendo» baten eta barne segurtasunaren «maila handi» baten aldeko apustua jasotzen zuena. Eta barne mugetan kontrolak berrezartzeak azken neurria izaten jarraitzen zuela zioten arren, praktikan ohiko bihurtu da. Konpromisoen artean nabarmentzekoa da, halaber, sartzeko eskubiderik ez dutenei mugak baimenik gabe gurutzatzea eragoztearen alde egin duela Batzordeak, bai eta geratzeko eskubiderik ez dutenei itzultzearen alde ere. Erredakzio horrek kontzienteki eskubide bat ezkutatzen du -asilo eskubidea- eta eskubidez mozorrotzen du benetan administrazio izapidea dena -muga zeharkatzea-. Erretorikak argi erakusten du zeintzuk diren lehentasunak. Nolanahi ere, aldaketa erretoriko horren arabera, kanpo dimentsioa barne alderdiak baino askoz ere garrantzitsuagoa da: Europa gotorlekuak erabateko lehentasuna du herritarren Europaren aldean.
Josep Borrellek aipatzen zuen Europako «lorategia» gero eta zatituago dago, eta Europako liderrek interes handiagoa dute jendea sar ez dadin Europan, bertan bizi den jendea askatasunez mugi dadin baimentzean baino. Schengengo Itunaren bilakaera adierazle ona da, EBk eskubide eremu bat sortzeko duen jatorrizko helburutik urrun baitago, eta gero eta hurbilago baitago herritarren polizia eta kontrol eremu bihurtzetik.