GAUR8

Gaurko egunez hil zen Diana Frances Spencer, Lady Di izenarekin ezagunagoa

Lady Di izenarekin ezagunagoa, Diana Frances Spencer gaurko egunez hil zen 1997an Parisen, auto istripuz. Ezbeharrean, Dodi Al-Fayed bere bikotea eta Henri Paul autoaren gidaria hil ziren. Gertakariak oihartzun handia izan zuen mundu osoan zehar, eta afektu adierazpen jendetsuak izan ziren.

Daiana Frances Spencer 1997an hil zen trafiko istripu batean.
Daiana Frances Spencer 1997an hil zen trafiko istripu batean. (Wikimedia Commons)

1997ko abuztuaren 31ko lehen orduetan gertatu zen Diana Frances Spencer, Dodi Al-Fayed eta autoa gidatzen zuen Henri Paulen heriotzak eragin zituen auto istripua, de l´Álma tunelean, Parisen. Al-Fayed eta Paul istripuan bertan hil ziren. Diana ospitalean hil zen, zaurien ondorioz.

Paristik Londresera eraman zuten Dianaren gorpua, eta milaka herritar gerturatu ziren loreak eta gutunak jartzera, herritarren afektu keinu jendetsuak erakutsiz.

Diana Frances Spencer (1961-1997) 1981ean ezkondu zen Charles Philip Arthur George Windsorrekin, Karlos Galeskoa, Elizabeth II.a haren ama erregina zela. Bi seme izan zituen Francesek.

Monarkia britainiarrak zuen irudi zaharkituaren aldean, herritarren begikotasuna irabazi zuen erakusten zuen gertutasunarekin. Printzesa gisa hainbat bidaia egin zuen nazioartean, hedabideen arreta bereganatuz, baina bereziki ezagun egin zuen HIESak jotako gaixoei emandako laguntzagatik, eta Nelson Mandela eta Dalai Lama bezalako figurekin zuen adiskidetasunagatik.

1992an banandu zen, eta bizitza publikotik aldenduko zela esan bazuen ere Gurutze Gorriko lehendakariorde gisa aritu zen hurrengo urteetan mundu osoan zehar bidaiatuz.

Istripua izan eta bi urtera, Estatu frantseseko epaile batek ebatzi zuen Henry Paul gidaria izan zela istripuaren erruduna. Abiadura handian omen zihoan paparazziengandik alde eginez, autoaren kontrola galdu zuenean. Epaiaren arabera, alkohola eta antidepresiboak kontsumitu zituen egun horretan.