
Durangora iritsi berri diren eta euskara ezagutzen ez duten herritarrentzako euskara eta euskal kulturarem inguruko ikastaroa antolatu du Udalak. Parte hartzeko, izen-ematea zabaldu berri du. Irailaren 26ra arte da epea, eta 18 urtetik gorako herritarrentzat da.
«Gaitasun linguistikoa bereganatzeko tresna» izateaz gain, euskara ikastea gizarteratze bidean ikuspuntu kultural eta sozialetik «lagungarria» izan daitekeela adierazi du Udalak, ohar batean.
«Gizarteratze egokirako bide garrantzitsu bat da hizkuntzari dagokiona eta horretara bideratzen da ikastaro hau, Udalaren eginbeharra baita integrazio prozesuan urratsak eman eta hau erraztea», esan du.
Doakoa da matrikula
Zehaztu duenez, bigarrenez antolatzen da ikastaroa. Emandako datuen arabera, 11 lagun izan dira martxotik ekainera bitarte, «eta balorazioa positiboa izan da».
Ikastaroan erabilitako materialari dagokionez, parte hartzaileek «AISA programaren aurreneko liburuak eta berariazko hiztegi irudidun bat» erabiliko dutela esan dute, eta azken hau ikasleei doan emango zaiela argitu dute. Ikastaroaren matrikula ere doakoa izango da.
Informazio gehiagorako eta matrikulatzeko, Udal Euskara Sailarekin jarri behar da kontaktuan, bulegoetan aurrez aurre edota telefono zenbakiaren bidez.