GAUR8

Duela 30 urte eman zuen azken hatsa Lourdes Lejarretak bere Afrika maitean

Lourdes Lejarreta Arroyo erizain eta kooperante bizkaitarra orain dela 30 urte hil zen, gaurko egunez, hainbeste maite zuen Afrikan, Ekuatore Gineako Cogon, lanean ari zela. 37 urte baino ez zituela bat-bateko garun-paludismoak jo zuen.

Lourdes Lejarreta Arroyo, Ekuatore Gineako ibaietan zehar kanoan nabigatzen, taldekideekin batera, herri gordeetako biztanleria artatzeko.
Lourdes Lejarreta Arroyo, Ekuatore Gineako ibaietan zehar kanoan nabigatzen, taldekideekin batera, herri gordeetako biztanleria artatzeko. (WIKIPEDIA)

Lourdes Lejarreta Arroyo erizaina eta kooperantea izan zen. Bilbon sortu zen 1958ko martxoaren 16an, eta Cogon hil, Ekuatore Ginean, 1995eko irailaren 3an. Gasteizko Santiago Ospitaleko Erizaintza Eskolako 11. promoziokoa izan zen. Analisi klinikoetan espezializatu zen. Gasteizko Olagibel anbulatorioko laborategian lan egin zuen, eta Osasun Zentroko erizaintzako koordinatzailea izan zen.

Kooperante gisa lehen esperientzia Somalian izan zuen 1993an, urte eta erdiz Mugarik Gabeko Medikuentzat lanean aritu zenean. Ondoren, Arabako Manuel Iradier Elkarte Afrikanistan sartu zen, eta Ekuatore Gineako Cogora joateko proposamena jaso zuen. 1995eko ekainean iritsi zen hara. Cogon Arabako GKEaren Osasun Zentroko Ama-haurren Osasun Programaren arduraduna izan zen, baita txertaketen eta herrixketako osasun-postuen ikuskapenarena ere. Lehen mailako arretako talde ginearrarekin batera bidaiatzen zuen oihanean zehar. Kanoan nabigatzen zuten inguruko ibaietan barna, herri ezkutuetako populazio behartsuenei laguntzeko.

37 urte besterik ez zituela, eta Cogon lanean ari zela, bat-bateko garun-paludismoak jota hil zen 1995eko irailaren 3an.

Hurrengo urtean, Lakuako Gobernuak diru-laguntza bat eman zion Gasteizko Manuel Iradier elkarteari, Lourdes Lejarreta Arroyo lankidearen izena zeraman sari berezi bat emateko.

2017an, berriz, Arabako Foru Aldundiak lurralde historikoko emakumeei eskainitako egutegi bat egin zuen, izan zituzten lorpenak sustatzeko. Bertan Lourdes Lejarreta agertzen da.

Gasteizko Santiago Ospitalean erizain eta kooperante hau oroitzen duen plaka bat dago, bere lankideek eskainia. Eta bere izena daraman haur-eskola bat dago Gasteizen.