GAUR8

‘Euskara, ahoraTÚ’, herrian euskara doan ikastera animatzeko kanpaina Pasaian

Euskara ikasten animatzeko kanpaina abiatu dute Pasaian Udalak eta herriko bi euskaltegiek elkarlanean, ‘Euskara, ahoraTÚ’ lelopean. Urratsa egiten animatu dituzte pasaitarrak eta gogoratu dute Udalak matrikulazioaren %100 ordainduko duela.

Pasaian, kanpaina jarri dute abian euskaltegiek eta Udalak, elkarlanean.
Pasaian, kanpaina jarri dute abian euskaltegiek eta Udalak, elkarlanean. (Jon URBE | FOKU)

Matrikulazio garai betean, Pasaiako Udalak, herriko bi euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastera animatzeko kanpaina abiatu du ‘Euskara, ahoraTÚ’ lelopean. Ekimenean azpimarratu dute Udalak %100ean ordaintzen duela ikastaroen matrikula.

Antxoko Ibaiondon egindako agerraldian, Aintzane Taberna alkateordeak adierazi du «gaztelania jakiteaz gain, benetan garrantzitsua» ere badela euskaraz hitz egitea. «Hizkuntza zaila dela entzungo dugu, baina berez ez dago hizkuntza zailik edo errazik, ideia hori oso subjektiboa baita. Ikasten zenbat eta lehenago hasi, orduan eta seguruago sentitzen hasiko zara», esan du Tabernak.

«Gainera, garai zail hauetan eta doakotasunaren bidean, Pasaiako Udalak beste urrats sendo bat egitea erabaki du: matrikularen %100 ordaintzea ikastaroa amaitzean ezarritako baldintzak betetzen dituzten pasaitar guztiei, besteak beste, gutxienez %85eko asistentzia egiaztatuz gero», erantzi du udal ordezkariak.

Euskaltegien aldetik pasaitarrak animatu dituzte «euskara bere egin dezaten, haien etorkizuna gozatu dezaten, eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko...».

Ikasturte berriari begira, gonbidapen berezi bat luzatu diete gizonezkoei. Kontsuelo Gorostidi Pasaiako Udal Euskaltegiko zuzendariak azaldu du  «urtero, euskara ikastera animatzen diren ikasle gehienak emakumezkoak izaten» direla.

Ikastaro bereziak eta ordutegi malguak

Azpimarratu dute, bestalde, ikastaro bereziak eta ordutegi malguak eskaintzen direla. Irailaren amaieran abiatuko den ikasturtean ikastaro ezberdinak eskaintzen dira 7.00etatik  21.00ak arteko ordutegi tartean.

Ikastaro bereziei dagokienez, aurreko urteko eskaintza mantenduko da, mintzamena lantzeko saioak edota Pasaiako merkatariei eskainitakoarekin jarraituz. Horrez gain, euskara maila hobetzeko aukera bikaina den Mintzalaguna egitasmoa ere aipatu dute.

Kanpaina aurkezteko agerraldian zenbait herritarren esperientziak plazaratu dituzte. Lucia Gruber pasaitarrak azaldu du «euskarak zaila izatearen fama» daukala eta horren beldur zela ikasteko urratsa egin zuenean. «Fama besterik ez da. Behin euskaltegi batean hasita, ondo irakatsiko dizute hizkuntza», esan du.

Mikel Fuentes Vicentek adierazi du, alaba jaio zenean ikusi zuela «oso garrantzitsua zela euskara ikastea». «Hasieran oso lotsati nenbilen, baina oso gustura nabil orain. Gaur egun, lanean, gai naiz bilera bat euskaraz egiteko eta kristona da hori niretzat», kontatu du. 

Felipe Fernandez Rodriguezek lan munduan izan duen esperientzia azpimarratu du. Esan duenez, euskara ikasteak ate pila bat ireki dizkio, eta lan aukera gehiago lortzeko balio dio.