GAUR8

Gaur 140 urte jaio zen Benito Loigorri, euskal hegazkinlaritzaren aitzindaria

Benito Loigorri Pimentel euskal hegazkinlaritzaren aitzindarietako bat gaurko egunez sortu zen, duela 120 urte, Biarritzen. 18 urte zituela, Wright anaiak Pauen eta Le Mansen hegan ikusi ondoren erabaki zuen zein izango zen bere bidea.

Benito Loigorri, euskal hegazkinlaritzaren aitzindaria.
Benito Loigorri, euskal hegazkinlaritzaren aitzindaria. (España automóvil y aeronáutica, Wikimedia Commons-en bidez)

Benito Loigorri Pimentel Biarritzen jaio zen gaurko egunez, duela 120 urte, 1885eko irailaren 4an, eta Madrilen zendu zen, 1976ko otsailaren 1ean. Euskal hegazkinlaritzaren aitzindarietako bat izan zen.

18 urterekin, Wright anaiak Pauen eta Le Mansen hegan ikusi zituenean sortu zitzaion Loigorriri hegazkinlari izateko grina. 25 urte betetzear zela, 1910eko abuztuaren 30ean, gidabaimena lortu zuen Mourmelon-le-Grandeko Voisins eskolan, Henri Farmanek eraikitako biplano bat erabilita.

Handik bi hilabetera, urriaren lehenean, Donostian erakustaldia egiten ari zela, istripu bat izan zuen eta hegazkina Ondarretan erori zen. Hurrengo urtean, Cuatro Vientos aireportua inauguratu zuen erakustaldia eginez. Horretarako, Emilio Herrerarekin batera, Farman hegazkin bat erabili zuen.

Ingeniari ere bai

Farman enpresaren ordezkaria, espainiar Armadari lehenengo hegazkinak saldu zizkion. 1914an Mexikora joan eta hegazkinlari eskola bat sortu zuen. 1910eko hamarkadaren amaieran istripu bat izan zuen Bridgeporten. Horren ondorioz, hegazkinlaritza utzi eta ingeniaritzan hasi zen.

General Motorsen lan egin zuen eta 1932 eta 1949 artean General Motors Iberia (Espainiar Estatua eta Portugal) zuzendu zuen.