GAUR8

Lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako laguntza jarri du abian Sopelak

Lana aurkitzeko zailtasunak dituzten herritarrentzako laguntza zerbitzua aktibatu du Sopelako Udalak, Integra programaren bidez. Langabezian denbora luzean dauden sopeloztarrak daude lehenengo taldean, baina lana bilatzeko prozesua bizkortzeko gakoak landuko dituzte bigarren talde batean.

Integra programaren aurkezpena, irudian.
Integra programaren aurkezpena, irudian. (SOPELAKO UDALA)

Datorren astelehenean (hilaren 8an), Integra programa jarriko dute martxan Sopelan, estreinako aldiz, lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza emateko. 

Langabezian denbora luzean dauden pertsonei, teknologia eskuratzeko zailtasunak dituztenei, hizkuntza zailtasunak dituzten migratzaileei eta gizarte eta lan arloko laguntza behar duten pertsonei zuzenduta dago programa.

Ekimenaren gainean beste bi ezaugarri nabarmendu dituzte udal iturriek: laguntza programa espezializatua da eta taldekoa izango da. «Bi talde trebakuntza eta banakako bi orientazio saio jasoko dituzte hilean, irailetik ekainera», zehaztu dute.

Lehen talde bat sortu da, eta itxaron-zerrenda dagoela xehatu dute Udaletik. «Era horretara, lan merkatura sartzeagatik edo bestelako arrazoiren bategatik plazak hutsik geratzen badira beti bermatuko da plazak beteta daudela».

Tokiko Garapen Sailak «arreta berezia» jarri du «zailtasun handienak» dituzten pertsonengan, eta langabezian denbora luzea daramatenen kasuak eta bazterkeria kasuak aipatu ditu horien artean.

Bilaketa bizkortzea

Bigarren taldean, «lana bilatzeko prozesua bizkortzea» eta horri bultzada ematea helburu duen bigarren talde bat egongo da, urriaren 13tik aurrera elkartuko dana.

Azken honetan, «langabezian edo lan hobekuntzan dauden pertsonak elkartuko dira, teknologia eta hizkuntza menperatzen dituztenak». Hiru trebakuntza saio eta banakako bi orientazio bilera izango dituzte parte hartzaileek.

«Programa honen bitartez, 30 parte hartzaileek entzunak izateko eta konfiantzazko espazioak sortzeko aukera izango dute, talde baten parte direla igarriko dute, eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa lortzen laguntzeko gakoak emango zaizkie», adierazi du Eder Garcia zinegotziak.

Taldeetan parte hartzeko, sopela@aldalan.com helbide elektronikora idatzi behar da.