Hezurren hauskortasuna

Osteoporosiak ez du azalpen handirik behar; hezurren kaltzio faltaren ondorioak ezagunak dira gure artean. Nagusien artean hezurren hausturak ekiditeko neurriak ere sustatu dira, emaitza onekin. Halere, askotan gertatzen den bezala, kasu larrien epidemiologiak hain larriak ez diren arazoak ezkutatu diezazkiguke. Hezurren hauskortasun arlora ekarrita, mini-hausturen kasua litzateke: pazienteen bizitza guztiz eragozten ez duten arren, egunerokotasuna nabarmen baldintza dezaketen min eta mugaketak ekar ditzakete.
Egoera horrek bi aurpegi ditu, bata ona eta bestea txarra. Ona zein den? Bada, koadroa ez dela larria. Gaizki-ondo, pertsonak bere eguneroko bizimoduarekin jarrai dezake. Txarra zein den? Minak hor daudela (eta mina sekula ez da gozoa), baina batez ere, askotan, paziente horiek abandonatu samar senti daitezkeela. Neurri batean, ulergarria da: osagileon lehentasuna kasu larrienak izaten dira, eta horregatik, erdi-ondo dauden pazienteak arretaren ilaran atzean uzteko joera dugu. Horixe izaten da hezurren hauskortasuna duten paziente askoren kasua: ez daude lehentasunezko arreta jasotzeko bezain larri, baina era berean ez daude eguneroko bizitzarekin jarraitzeko moduan.
Egoera konplikatzen duen beste faktore bat ere badago: hezurren haustura txikietan, askotan, aukerako tratamendua udenoterapia da. Alegia: atezuan jagotea, ezer ez egitea, gaitzaren nondik norakoak behatze hutsa. Egoera horretan dauden pazienteek arreta behar dute, abandonatuta senti ez daitezen: beraien gainean gaudela sentitu behar dute, beren egoeraz arduratzen garela. Arrazoi praktikoarengatik bada ere: bestela, osasun zentroetako kontsultetan izango baititugu etengabe, egunak joan egunak etorri, lehendik luzeak diren itxaron-zerrendak are gehiago luzatzen.
Baina gogoratu dezagun egoera honen alderdi ona: koadroa ez da larria eta, neurri handi batean, gure eguneroko bizimoduan jarrai dezakegu. Izan ere, hezurren hauskortasuna hobetzeko gakoa hortxe dago: elikadura zaintzeaz gain (nutrizionistaren ardura), ariketa fisikoak hezurrak modu esanguratsuan sendotuko ditu. Bistan denez, hori pertsona bakoitzaren neurrian egingo dugu: ez dizkiogu ariketa berak aginduko gaztetan errugbian aritu den andre bati edo bizitza osoan gimnasiarik egin ez duenari. Detaile praktiko bat ere kontuan hartu beharko dugu: ariketa prebentiboaren onurak ez dira bat-batekoak. Are, askotan ez ditugu igarri ere egingo, ariketa prebentiboen onura nagusia hausturarik ez izatea izango delako. Gauzak ondo joanez gero, oharkabean igaroko den mesedea.
Beste era batera esanda, hezur hauskorrak dituzten pazienteek ez dute arazoa serio hartzen, harik eta hezurra hausten duten arte, eta une horretan... jada beranduegi izaten da eta damutzeak ez du balio. Are argiago esateko, mendiko suteekin konpara dezakegu: behin piztu direnean gogoratzen ditugu, baina une horretan berandu da. Suteak ekiditeko gakoa urte osoan zehar mendia jagotea da, lurra behar bezala zaintzea. Zure hezurrekin, ber gauza.
www.abante.eus