Doan, debalde, musu truk, urririk; alde ederra
Zer gertatzen da Errenterian? Eta Barakaldon? Eta Donostian? Eta Laudion? Eta Gasteizen? EAEko Administrazio osoan? Eskubide urraketa, inposizioa, diote. Hala da. 2014an Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak xedatu zuen ikastetxeetan gaztelaniak ere komunikazio hizkuntza izan behar zuela eta orduan konturatu ziren 80ko hamarraldian adostutako murgiltze ereduak egundoko arazoa eragin zuela hezkuntza sisteman. Dozena bat ikastetxetako familia bakan batzuen eskaerak jarri zuen kolokan kontsentsu historikoa iritsita abiatu zuten eredu hori.
Gaur arte dirauen jarraipena izan zuen auziak. 2020ko abenduan, auzitegi berak beste epai bat eman zuen, hezkuntza-sistema osoa eskolen %25 gaztelaniaz ematera behartzen zuena. Espainiako Erresuman pentsatuko zuten gutxienez kataluniarren erdiek, edo laurdenek, edo ehuneko esanguratsu batek, auzitegietara joko zutela beren eskubideak defendatzeko. 2021eko datuen arabera, 2005etik 80 familia inguru ziren seme-alabentzat gaztelaniazko eskolak eskatutakoak.
Hemen ia inor ez omen da euskararen aurkakoa, baina aldeko epaiak emateko ohitura handirik ez duen aparatu judiziala izanda, Administrazioko gatazka linguistikoa konpondu beharra sumatu dute zenbaitek. Gratis. Debalde, urririk, doan.
Euskalgintza erlaxatuta omen dabil azkenaldian. Baliteke, baina nik egingo nuke erlaxatuta baino nekatuago egoteko motibo handia duela. Aurki Euskal Herria alderik alde ibiliko du Korrikak; 24. edizioa du antxintxika, arineketan, lasterka (Ametsa lagün nezak ni Atharratzera), eta, 2175 kilometro egindakoan, are nekatuago egoteko arrazoia izango dute euskaltzaleek.
Lan ikaragarria, esfortzu eskerga inbertitu du euskararen aldeko mugimenduak mende erdian baino gehiagoan. Lana, esfortzua eta dirua barra-barra, lehenik pribatua eta ondoren publikoa eta pribatua, betiere herritarrena. Gaitzeko inbertsio handia, eta ez gerora dirutan -ez dakit zenbateko korrituez gizenduta- jasotzeko asmoz. Hitzetan baizik. Alde ederra, izugarria, egundokoa.
Errespetu handia diote denek euskarari, ia latinari bestekoa, baina politizatu gabe, eta inposatu gabe. Euskara eta bizitza politizatzearen aurkakoak ziren habla en cristiano esaten zutenak, debekuak ezarri, sustatu nahiz onartzen zituztenak, denen berdintasuna bermatze aldera, nonbait. Eta gaur egun ere guztion eskubideak artatzeko asmoz jotzen dute auzitegietara. Y lo mejor de todo, por la cara. Musu truk, alegia.
Joan den asteartean Miguel Castells abokatuak Monzon-Ganuza saria jaso zuen. Ondo daki euskaldunen defentsa zein garesti ordaintzen den. Alde galanta, itzela, berealdikoa.
Nigar egiten dit, Xiberua, zuri, baina hemen gara aspaldi handian, laxaturik edo nekaturik eta leher egin arte edo gu sortu baino askoz lehenagotik iragarri ziguten patua arte, Gabriel hura gogoan, hemen geracen naiz, kale arte honetan, milagro baten zai, egunero bizarra kenceari ucteko naikoa kurajerik ez baitdut. •


