GAUR8

Tokiko elikagai ekologikoen azokak Errenteria du helmuga larunbatean

Tokiko elikagai ekologikoak larunbatean Oreretan egingo duten azokaren protagonista nagusiak izango dira, tomateak bereziki. Barietate ezberdinen inguruko informazioa eskainiko dute. Azoka, gainera, segida izango duen hitzordua da, hilaren 21erako ekoerrezeten tailerra prestatu baitute.

Tomate barietate ezberdinei buruzko informazioa egongo da azokan.
Tomate barietate ezberdinei buruzko informazioa egongo da azokan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Elikagai ekologikoen azoka egingo dute larunbatean (hilak 13) Errenterian, hurrengo igandean egingo duten ekoerrezeta sukaldaritza tailerraren atarian. Biolur elkartearen, Errenteriako Udalaren, Behemendi Eskualdeko Landa Garapenerako Elkartearen eta EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzarekin antolatutako azoka da, eta aurten kokapen berria izango du, lekuz aldatu eta Foruen plazako merkataritza-gunean egingo baita.

Ekimena goizeko hamarretan hasi eta ordubietara iraungo du. Errenteriako Udalaren hitzetan, azoka ingurumena errespetatzen duen ingurunean ekoizten duten profesionalen topagunea da, baita konpromiso bera eta kalitate ezin hobeko elikagaiak hartu nahi dituzten kontsumitzaileena ere».

Egunotan, irailaren 9tik 13ra, zehazki, bost euroko bonuak banatuko dira Madalena kaleko turismo bulegoan. Bonu horiek irailaren 13ko azokan erabiltzeko dira, betiere gutxienez 15 euroko erosketa egiten bada. Pertsona bakoitzeko bonu bakarra erosi ahal izango da, eta amaitu arte banatuko dira. Asteartetik larunbatera –astelehenetan itxita dago– turismo bulegoa zabalik dago 10.00etatik 14.00etara goizez eta 16.00etatik 18.00etara arratsaldez.

Azokak beste puntu erakargarri bat du, Euskal Herriko tomate barietate ezberdinak erakutsiko baititu eta nondik datozen, nolakoak diren eta haziak nola atera ezagutzeko tailerra izango da Marta Barbaren eskutik.

Produktu ekologikoen inguruko hurrengo hitzordua hurrengo igandean izango da, hilaren 21ean. Sukaldaritza tailerra egingo dute, Biolurrek antolatutako Atlantikaldiaren barruan.

Lurraren Orena ekoiztetxearen eta Miriam Chef Integrativa sukaldariaren eskutik, ekoerrezeta sorta bat prestatuko da zuzenean, elikagaien ekoizpenetik kontsumora arteko bidea pausoz pauso azaltzeko. Bertaratzen direnek bertako produktu jasangarriak dastatu, adituen aholkuak entzun eta ikasteko aukera izango dute.