GAUR8

Eskizofreniaren jatorria ulertzeko gako berriak ikusi ditu EHU buru duen ikerketa batek

EHUko Neuropsikofarmakaologiako taldea buru duen ikerketa batek eskizofreniaren jatorriarekin lotutako datu berriak eman ditu. Emaitzek erakutsi dute, gainera, nahasmendua neurogarapenarekin duen lotura.

EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileak, irudian
EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileak, irudian (EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Neuropsikofarmakologiako taldea buru izan duen azterlan batek eskizofreniaren jatorria ulertzeko gako berriak eman ditu. Talde hori CIBEReko osasun mentalaren ataleko (CIBERSAM) eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko kide ere bada. Ikerketa ‘Molecular Psychiatry’ aldizkarian argitaratu da.

Leyre Uriguenek zuzendutako ikerketa horrek agerian jarri du eskizofrenian alterazioak agertzen direla matrize estrazelularrean (neuronei eusten dien «aldamioa») eta sinapsietan (neuronen arteko komunikazio-puntuak). «Aurkikuntza horrek indartu egiten du eskizofrenia neurogarapenarekin lotutako nahasmendu bat den hipotesia», nabarmendu du.

«Ikerketa horretan, eredu aitzindaria erabili da, eskizofrenia duten gaixoen sudur-barrunbetik (zehazki usaimen-epiteliotik) erauzitako zelula ametan oinarritua. Usaimen-epitelioa garunetik oso gertu dago, sudur-hobien goialdean», azaldu dute EHUko iturriek. 

Nabarmendu dutenez, sistema erraza eta ez-inbaditzailea da, «erauzitako ama-zelula neuronalak laborategian hazteko eta multzokatzeko, neurosfera izeneko egiturak eratze aldera».

«Emaitza horiek baliozkotzeko, laborategian hazitako neuronetan eta eskizofrenia zuten subjektuen postmortem burmuin-ehunean dauden proteina jakin batzuen kantitateak neurtu zituen taldeak. «Kantitate horiek eskizofreniarik gabeko gizabanakoenekin alderatzean, egiaztatu zuten ezen sinapsien eraketarako eta funtzionamendurako funtsezkoak ziren hiru proteinen kantitatea (...) txikiagoa zela eskizofrenia zuten subjektuen ehunetan».

«Aurkikuntza horiek lotura bat ezartzen dute neurogarapeneko asalduren eta eskizofrenian gertatzen diren aldaketa molekular zehatzen artean. Halaber, erakusten dute eredu zelular horrek biomarkatzaile berriak aurkitzeko eta terapia pertsonalizatuagoetarantz aurrera egiteko ateak irekitzen dituela, ez bakarrik eskizofrenian, baita beste gaixotasun neuropsikiatriko eta neurodegeneratiboetan ere», adierazi du Leyre Uriguen ikertzaileak.