Lartaun
Azken turistak badoaz beren maletak garraio eta ume txikiak ikusten ditut ikastolara nola datozen tristura handi bat arrastaka dutela. Geratzen diren kristau apurrek bederatziurrenak egiten dituzte eta politikoek, ekitaldiak. Gogoan dut Zumaian adineko emakume talde batek bainua hartzen zuela Itzurunen, eguraldi ona edo txarra egin, irailaren lehen bederatzi egunetan, osasunaren pilak kargatzeko. Asko gara Herniotik itzuli bat egin gabeko onik izaten ez dugunak.
Pello Errotaren alabak, Mikaela Elizegik, kontatzen du Hernioko egun horietako batean kantatu zuela bere aitak jendaurreko azken bertsoa. Errotarriak pikatu eta bi tranka jartzen omen zizkion errotak zarata gehiago atera zezan, eta gaua bidean eginda urrutiko jendea pasatzen omen zen, oiartzuarrak esaterako. Pello Errota mandioko atean zutik zegoela, «Euuup! Urrutikoak bagoaz gurutzera eta bertakoak ez?», galdetu omen zioten eta orduan bota omen zuen puntu baten faltan geratu zaigun bertso hau: «Nere esplikaziyua dizuet emango/ beti izandu naiz ni fediaren bando/ Pello Errota Erniyora geio ez da joango».
Hori entzun eta alaba negarrez hasi omen zen eta ea zeri egiten zion negar galdetu omen zion aitak, bera ere geldituko zelako joan ezinik. Baina ez zen berehalakoan gelditu, 82 urterekin ere igo baitzen gurutzera eta buzoian «Micaela Elicegui, 82 años y pico...» idatzi eta bota omen zuen papera. «Eta hurrengo goizean sei t’erditako meza entzun eta Donostiara etorri nintzen tratuarekin», idazten du.
Istorio honetan oiartzuarren presentziak erakartzen du gure arreta. Gailurra gurutze txikiz beteta zegoen garaian Lartaun elkarteak jarritako oroigarri bat zegoen bertso eder batekin: «Ernio mendi Ernio mendi, euskal menditan zaarrena/ gogoan al duk antzinateko Lartaun aren izena», hasten zen eta itxura guztien arabera Manuel Lekuonak egina behar zuen.
Hainbeste mendi izen, Kalamua, Intxorta, Bizkargi edo Artxanda epikarekin adina porrotarekin lotuak dituen herri honentzat kontsolagarri zaigu Zelatun gutxienez garaipenarekin lotutakoa izatea, mitologian bada ere. Lartaunez elezaharrak eta pastoralak idatzi dira eta, nola ez, Txirritak berak ere bertso eder askoak utzi zituen, «Orain bi mila urte inguru bezala ziren asiyak/ Erromatarrak berendu nairik gure zazpi probintziyak/ garai hartako abarkadunak ziran jeniyoz biziyak/ baziran penaz amildu eta beren ezurrak autsiyak/ lastimosuak izango ziran ayen orduko antsiyak», hasten direnak. •