
Bihar (hilak 19) eta etzi (20) pedagogia berdeei buruzko jardunaldiak egingo dituzte Bakion, Heike Freire adituaren parte hartzearekin. Herriko ikastetxearekin elkarlanean antolatu ditu Udalak jardunaldiok, eta nabarmendu duenez pedagogia berdeen alde egindako apustuari erantzuten dio.
Jardunaldiek bi helburu dituztela azaldu Udalak prentsa ohar batean. «Alde batetik eskolako irakasleei formazioa ematea eta beste alde batetik, herriko familiei eta hurbildu nahi duten herritar guztiek pedagogia berdeen helburu eta onurak azaltzea», zehaztu dute.
«Gainera, Udaletxe aztean garatzen dagoen Arboretumaren inguruko informazioa» emango da eta bisita bat egingo dela aurreratu dute Udaletik.
Eskolan izango dira ekintza guztiak. Jardunaldien lehen zatia, hilaren 19ko programazioa, irakasleentzako formazioari zuzenduta dago; hilaren 20an, aldiz, familiak izango dira protagonista nagusiak. Egun horretan ‘Criaturas más sanas, en contacto con la naturaleza’ solasaldia izango da 11.00etatik aurrera, eta umeentzat, ludoteka antolatu dute txikienentzat eta naturarekin zerikusia duten tailerrak 4 eta 8 urte bitartekoentzat.
Ekimen honen atzean dagoen filosofia eta Udalak bultzatu nahi duen dinamika azaldu dute: «Hezkuntzaren bitartez ume, nerabe, gazte, heldu, nagusi eta herritar guztiok oro har, bizi garen testuingurua interpretatzen ikasten dugu. Gainera, interpretazio hori erabiltzen dugu aurrean dugun munduari begirada desberdinak txertatzeko eta etengabe eraldatzeko», planteatu dute.
Orain, «hezkuntzaren interpretazio hau herrian hedatzea eta Bakion prozesu hezitzaileak abian jartzea» da erronka. «Horretarako eskolako proiektu ezberdinak herrian errotzeko eta herriko proiektu desberdinak eskolako hezkuntza proiektuan txertatzeko egitasmoak martxan jarriko dira», berretsi dute.