
Duela 14 urte Bilboko Kukutza gaztetxea hustu zuen Ertzaintzak, herritarren aurka gogor oldartuta. Poliziak Errekalde auzoa hartuta izan zuen hiru egunez eta agenteen jokabidea auzitan izan zen: oldarraldietan, ehun pertsonatik gora zauritu zituzten, eta 103 lesio txosten aurkeztu zituzten. 80 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.
Kukutza gaztetxea, Bilboko Errekalde auzoan okupatutako eta autokudeatutako gaztetxe eta aisi eta kultura jardueretarako gunea izan zen. 1996. urtetik 2011ra arte funtzionatu zuen, hots, eraitsi zuten arte. Hiru eraikin izan zituen kokaleku, hurrenez hurren: Kukutza I, 1996an, hiru hilabetez; Kukutza II, 1998an, bi hilabetez; eta jarraipen luzea eta eragin publiko zabala izan zuen Kukutza III, lantegi handi abandonatu batean, 1998tik harik eta 2011. urtean Ertzaintzak eraikina hustu zuen arte.
Erakunde publikoek auzoari eskaintzen zioten kultur eta aisialdi eskaintza urriari erantzun bat emateko sortu zen eta, bereziki Kukutza III gaztetxearen kasuan, auzoko hainbat talderen bilgune gisa jardun zuen. Hala ere, Bilbo osoan zuen eragina.
Nahiz eta 2011n Kukutza hustu eta eraisteko eman zuten arrazoia etxebizitzak eraikitzea izan zen, urte askoan hutsik egon zen lursaila, eta auzoko dendariak kexatu egin ziren auzoak bizia eta merkataritza mugimendua galdu zuelakoan Kukutza eraistearekin.
Azkenean, 7 urte beranduago, 2018an, Kukutza egon zen lursailean etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.