Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Gurpilarena

Manifestari bat, Vueltako Bilboko etapan errepidean eserita.
Manifestari bat, Vueltako Bilboko etapan errepidean eserita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gurpil fabrika baten aldamenean zegoen gure ikastola. Lantegiaren azpian geratzen zen patioa, hiru bat metroko porlanezko horma baten babesean. Tarteka, erdi ezkutuan, fabrika kanpoaldean ahaztuta utzitako gurpilen bila joaten ziren eskolako zaharrenak. Horma grisetik behera botatzen zituzten, saskibaloi-saskia zintzilik zegoen paretatik. Eta hantxe ibiliko ginen, txandan txandan, gurpilei bultzaka, gurpila gurpilaren kontra jaurtiz, edo pneumatiko zatia lurrean etzan eta barruan geratzen zen besaulki borobilean eserita. Gurpil bakan haiek hegazkin bihurtuko zituen gure irudimenak; lasterketa auto, espazio-ontzi, batek daki zer. Auto zaharren gurpil estuak izaten baitziren gehienak, ibiliaren ibiliz marrak ere ezabatu eta lurrari heltzen ez ziotenak. Ezertarako balio ez, eta denerako baliagarri zirenak.

Tarteka altxorren bat ere erortzen zitzaigun guri zerua iruditzen zitzaigun Firestone fabrika hartatik. Kamioiren baten gurpil zulatua, edo traktoreren batena akaso, koskaz, erliebez eta irudi geometrikoz betea. Halakoak ez genituen ukitu ere egiten, eskolako zaharrenei zegokien pribilegio hura, futbol zelaia zeukan patio nagusia bezala. Guri patio txikia zegokigun, patio nagusiaren behealdeko eremua, eskolaren azpiko sotoa, baloikadetatik babestutako eremua. Eta zaharrenen taldeko liderrak hara begiratuko zuen; patio nagusiko eskuin hegaleko eskaileren ertzeraino joan eta handik botako zuen kamioi bati galdutako kautxuzko hanka anputatua. Poliki abiatuko zen hasieran, mailaz maila abiadura hartuz. Izu-laborriz begiratuko genion azpitik; lasterka hasiko ginen norabide jakinik gabeko gurpil zoro harengandik ihesi. Barre egingo ziguten zaharrenek. Eta bekaitzez begiratuko genien, urteak pasa, eta gu ere noizbait haiek zeuden lekuan egongo ginen esperantzan. Hamabi urte bete genituenerako fabrika ertzean ez zen gurpilik geratzen, ordea.

Ikastolak lehengo lekuan jarraitzen du oraindik, baina aldamenean ez dauka lantegirik. Eta hala ere, errepidean nabilenean, inguruko autoen gurpilen usaina sumatzen dut oraindik ere. Eta pneumatiko eta kautxu lurrinak haurtzarora eramaten naute, patio haietara, eskailera-azpi hartara. Eta kamioi eta traktoreen gurpil erraldoiak ikusten ditut niganako bidean, eskaileraz eskailera txanpa hartuz. Zer da bada denbora, ibiliaren inertziak daraman gurpila ez bada. Jakintsuek halaxe diote, fisikaren legeak ezin direla hautsi. Atzetik aurrera egiten dela beti, goitik behera. Handiak beti zanpatuko duela txikia. Mekanikaren biolentzia. Bat-batean norbaitek, Bilbon edo Baionan, gorputza errepidean jarri, eta gurpila gelditzen duen arte. Gauza gutxik mugitzen gaituzte gelditzeak beste. •