GAUR8

Gaurko egunez jaio zen Rakel Alda Gorostiola

Duela 139 urte gaurko egunez jaio zen Rakel Alda Gorostiola, Emakume Abertzale Batzaren kidea eta Errepublika garaian lehendakari orde izandakoa. Haren aburuz, garrantzitsua zen emakumeak etxean lan egiteaz gain aberrigintzan ere parte hartzea.

Gasteizko EABko lehen taldea, 1923ko ekainaren 2an.
Gasteizko EABko lehen taldea, 1923ko ekainaren 2an. (SABINO ARANA FUNDAZIOA)

Gaur bete dira 139 urte Rakel Alda Gorostiola sortu zenetik. Emakume Abertzale Batzaren kidea eta maistra izan zen. Alda Bilbon jaio zen, 1886ko irailaren 21ean, gaurko egunez. Irakasle ikasketak Nafarroako Irakasle Eskola Normalean abiatu zituen, eta Bilboko irakasle eskolan bukatu. Horrela, 1906ean maistra bezala hasi zen lanean. Bere aita EAJ alderdiko kide ezaguna izan zen, Santiago Alda, hain zuzen ere.

Abertzaletasunaren aurreneko emakume propagandista izan zen, Emakume Abertzale Batzaren kide bezala. Halaber, lehendakari ordea izan zen Bigarren Errepublika garaian, hots, 1931tik 1936ra.

Emakume Abertzale Batzaren sorrera dokumentuan irakurri daitekeenez, bere aburuz «emakumeak etxetik kanpora irten behar zuen eta gizonekin lankide izan behar zuen aberrigintzan».

Emakume Abertzale Batza, EAB, 1922an Bilbon sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista izan zen. Karmele Errazti izendatu zuten presidente, baina lehen aldi horretan 17 hilabete besterik ez zuen iraun, Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin baitzen. 1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. ‘Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra’ eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain (ikastola eta haurtzaindegietan bereziki), propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren.

Erakundearen parte aktibo izan zen Rakel Alda Getxon hil zen, 1972ko urtarrilaren 17an, 85 urterekin.