
Lakuako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakinaldia, zientzia dibulgazioko urteroko azoka izango dena, egingo du urriaren 17an eta 18an, Donostian.
Zientzia herritarrei hurbiltzea da helburua, ezagutza, sormena eta entretenimendua uztartzen dituen askotariko kultura programazioa eskainiz. Azokak publiko guztientzako formatu «eskuragarri eta erakargarria» izango duela aurreratu dute.
Lehenengo edizio hau, ‘Kuantika Jaialdia’ izenekoa, fisika kuantikoaren mendeurrenari eskainia dago, eta musika, dibulgazio zientifikoa, magia, antzerkia eta umorea biltzen dituen programazioa eskainiko du. Ospakizuna IBM Basque Country Europako ordenagailu kuantiko aurreratuenaren etorrerarekin batera egingo da. Inaugurazio ofiziala urriaren 15ean izango da, Ikerbasquek Gipuzkoako hiriburuan duen eraikin berrian.
Lakuak gogorarazi du azpiegitura horrek «maila globaleko konputazio kuantikoaren abangoardian» jarriko duela Euskal Autonomia Erkidegoa, eta IBMren ordenagailu kuantikoen munduko sarean integratuko dela. Sare hori, gaur egun, Japonian eta AEBetan bakarrik dago.
Jaialdia Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egingo da eta bi jardunaldi ezberdin eskainiko ditu. Horrela, urriaren 17an, ostiralez, helduentzako saio bat izango da ‘Ipuin Kuantikoak’ bakarrizketa zientifikoarekin, Enrique F. Borjaren eskutik.
Halaber, Jon Esnaolaren ‘LoCuanto Musical’ lana eta Tor eta Txoborro Magoak artisten ‘Magia Kuantikoa’ izango dira, baita ‘Materia Absurda’ umore zientifikoko ikuskizuna Big Van Ciencia taldearekin eta ‘Bertsozientzia’ saioa Jone Uria eta Alaia Martinekin.
Urriaren 18an, larunbatez, familientzako saio bat eskainiko da ‘Abentura Kuantikoa’ antzezlanarekin, magia Marsel ilusionistarekin eta ‘Clowntífics’ esperimentu eta umore ikuskizun interaktiboarekin Big Van Cienciaren eskutik.