Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Elkarrizketa
JUANJO PEREIRA
ZINEMAGILE PARAGUAITARRA

«Ez litzateke negozioa egin behar memoria historikoarekin»

Juanjo Pereira Paraguaiko zinemagileak Alfredo Stroessnerren diktadurari buruzko dokumentala, «Bajo las banderas, el sol», aurkeztu du amaitu berri den Zinemaldiko Zabaltegi sekzioan.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Latinoamerikako diktadura luzeenetariko baten menpe egon ziren Paraguain. 35 urtez, 1954tik 1989ra hain zuzen ere, Alfredo Stroessner egon zen boterean. Konstituzioa aldatu zuen gobernuan mugarik gabe egon ahal izateko, eta errepresioa ezarri zuen, partidu politikoak debekatu zituen, izua, atxiloketak eta desagerpenak sistematizatu zituen «komunismoaren kontrako gerra»-ren aitzakiapean. Diktadurak Ameriketako Estatu Batuen babesa jaso zuen, eta boterean egon zen urte luze horien bitartean, naziak hartu zituen, horien artean Josef Mengele gerra kriminala. Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruko eta gizakiekin egindako esperimentuengatik «Heriotzaren aingerua» ezizenez ezaguna, Stroesnerrek -alemaniar jatorrikoa- Paraguaiko herritartasuna eman zion. Diktadorea erbestean hil zen, Brasilen. Sekula ez zuten gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu. Bere familia mundu mailan aberatsenetariko bat da.

Berea Latinoamerikako eta, are, mundu mailako diktadura luzeenetariko bat izan zen arren, apenas dagoen ikus-entzunezko artxiborik herrialde latinoamerikarrean, gehienak suntsitu zituztelako edo atzerrian daudelako. Juanjo Pereira zinemagile paraguaio gazteak diktadurapean bizitza nolakoa zen agertzeari eta garaiko propaganda islatzen duten artxiboak bilatzeari ekin zion. Paraguain bertan, Argentinan, Brasilen, Frantzian, Alemanian, Japonian, Taiwanen, Estatu espainolean, Britainia Handian, Estatu Batuetan eta Belgikan aurkitutako ikus-entzunezko artxiboekin, 90 minutu irauten duen «Bajo las banderas, el sol» dokumentala osatu du.

Pasa den irailaren 18an estreinatu zen Paraguaiko zinemetan arrakasta handiz. Amaitu berri den Zinemaldiaren 73. edizioan Zabaltegi sailean lehiatu zen. Aldez aurretik, Berlinalen nazioarteko kritikak ematen duen FIPRESCI saria jaso zuen, eta ospatzear dauden Oscar Sarietan Paraguai ordezkatuko du.

«Diktadura izan zenaren laburpen txiki bat dela esango nuke. Erantzunak eman baino, galderak egitea du helburu, eta benetan oso pozik gaude publikoaren harrerarekin. Zinema aretoak betetzea lortu dugu Paraguain, ‘Formula 1’ bezalako pelikulekin lehiatzen ari garenean», nabarmendu zuen Pereirak berak Zinemaldiko dokumentalaren aurkezpenean. Tabakalerako aretoa beteta zegoen, nahiz eta gaueko emanaldia izan.

Asuncionen jaioa da, eta guarania hitz egiten du, bere familia landa eremukoa baita. Lehen eta Bigarren Hezkuntza Stroessner nor izan zen eta hemisferioan garaian ze diktadura egon ziren ikasi gabe amaitu zituela nabarmendu ohi du. Baina gaztetatik memoria kontuak interesatu zaizkio. Eta Stroessnerren agintaldiak gizartearen eraikuntzari eta garapenari nola eragin zion jakin nahian, dokumental hau egiteari ekin zion.

GAUR8rekin eginiko elkarrizketan, adierazi du diktadura amaitu ostean Paraguaik ez duela memoria ariketarik egin eta inguruko herrialdeekin alderatuta isiltasunaren itzala asko luzatu dela. Era berean, ikus-entzunezko artxibo historikoen gehiegizko kostua gaitzetsi du eta memoriaren balioaren gaineko galdera luzatu. Bere hitzetan, «ez da zilegia Paraguairen historiari dagozkion artxibo horiek eskuratu ahal izateko hainbesteko dirutza ordaindu behar izatea».

Dokumentalaren aurkezpenean, artxibo bateko minutu bat zure alokairuko hiru hilabeteren baliokidea dela esan zenuen, eta ondorengo hausnarketa bota zenuen: Zenbat balio du memoriak? Nor da memoriaren jabea? Galdera bera egin nahiko nizuke.

Hogeita hamabost urtez, Stroesnerrekin zerikusia zuten ekitaldiekin albistegi oso bat egin zen astero Paraguain. Egun, ordea, hogeita hamabost urte horietatik soilik hiru ordu gelditzen dira. Paraguaik ez zuen ahalmen politiko eta ekonomiko nahikorik izan artxibo horiek guztiak gordetzeko edo bere egiteko, eta gelditzen diren artxibo gehienak atzerrian daude, gehienbat Europan edo iparraldeko herrialdeetan, artxiboak gordetzeko gaitasun ekonomiko handiagoa dutelako han. Noski, ikus-entzunezko material bat Espainiako edo Ipar Amerikako kamera batek grabatu badu, jabetza berea da, baina memoriaren balioaren gaineko eztabaida bat ere badago. Balio monetarioa al da? Ondare-balioa al da? Edo, balio sinbolikoa? Hausnarketa horren barnean salbuespen batzuk egin beharko lirateke. Esan bezala, Paraguaik soilik hiru orduko artxiboa du, atzerriko herrialde batek askoz artxibo gehiago dituelarik. Orduan, ez da zilegia Paraguairi dagozkion artxibo horiek eskuratu ahal izateko hainbesteko dirutza ordaindu behar izatea. Ez litzateke negozioa egin behar memoriarekin. Artxiboak kudeatzen dituzten institutuen papera berrikusi beharko litzateke eta malguagoak izan, batez ere hainbesteko ahalmen ekonomikorik ez duten herrialdeekin. Estatuek memoria babesteko eta bultzatzeko dirulaguntzak eman beharko lizkiokete iraganeko basakeriak berriro errepika ez ditzagun, are gehiago eskubide urraketa berberak errepikatzeko zorian gaudenean eta diktaduraren gaineko isiltasunak presente jarraitzen duenean.

Imajinatu ezazu zure haurtzaroko argazki guztiak galdu dituzula eta enpresa batek, arrazoi desberdinengatik, zure txikitako eta haurra zinela parte hartu zenuen ekitaldietako argazkiak bildu zituela urte haietan. Eta orain zuk zure bizitzaren etapa hori berreraiki nahi duzu, 500 argazki aurkitu dituzu. Baina argazki bakoitzeko 300 euro ordaindu behar dituzula esaten dizute. Baina, ‘ni neu naiz eta! Oso garestia da’ esaten diozu salneurri hori jarri dizun enpresari. Zein da jabea eta zenbat balio du memoriak? Ez dut erantzunik galdera horientzat, baina memoriari eta artxiboen jabetzari buruzko eztabaida mahaigainean jarri beharko liratekete.

Aurrekontuak dokumentalaren eten bakoitza baldintzatu du. Pelikula perfektua egiteak milioi erdi dolar balio zuen, eta guk ez dugu diru hori. Horregatik, eten bakoitza bi aldiz pentsatu behar izan genuen.

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Filma jada estreinatu da Paraguain, eta bete egin dira aretoak. Zerk eragin du diktaduraren gaineko interes hori?

Tartean arrazoi desberdinak daudela uste dut. Batetik, Europan arrakasta eduki izanaren zigiluak garrantzi handia du Latinoamerikan. Dokumentalaren estreinaldia Berlinalen izan zen. Bertan, FIPRESCI sariaz gain, kritika onak jaso genituen. Europan jasotako kritika on horien zigiluarekin iritsi da Paraguaira.

Bestetik, boterean dagoen partiduarekin, Alderdi Gorriarekin, nekea sumatzen da gizartean, batez ere hiriburuan, Asuncionen. Era berean, jakin-min handia dago diktaduraren garaiarekin. Bi publiko mota daude: diktadura pairatu zuen belaunaldia eta ondorengoa. Familia arteko hizketaldietan eta solasaldietan sartu da gaia. Aitona-amonak, seme-alabak eta diktadurari buruz deus ere ez dakiten bilobak interpelatu ditu dokumentalak.

Tabakaleran egindako aurkezpenean, publikoan zegoen emakume batek hitza hartu zuen bere haurtzaroa eta gazte-denbora diktadurapean bizi izan zituela eta bere aitak erbesteratu behar izan zuela esateko. Nola sentitzen zara diktadura bizi zutenek zure dokumentala ikustean?

Une zailak dira, zeren nik ez nuen diktadura bizi, beraz, ez dakit norbere haragian zer-nola bizitzen den. Nire lehenengo esperientzia Argentinan izan zen. Bertan bizi dira diktadura garaian Paraguaitik ihes egin behar izan zuten gehienak. Dokumentala estreinatu genuenean iheslari asko zeuden, baita haien ondorengoak ere. Oso pozik hartu zuten, inork ez dit orain arte leporatu diktaduraz hitz egitea hura bizitu izan gabe. Aitzitik, zauri hori erreparatzea eskertzen dute.

Ikasketak Stroessner nor izan zen jakin gabe bukatu zenituela diozu. Zer-nolako garrantzia du memoriak eta memoriaren transmisioak?

Buenos Airesko Arkitektura, Diseinu eta Hirigintza Fakultatean ikasi nuen. Nik uste horrek eragin handia izan zuela nire lanean. Eraikinean sartzen zarenean, patio handi bat dago, eta bertan diktaduran desagertutako fakultateko ikasle eta irakasleen argazkiekin mural bat dago zintzilik. ‘Desagertuak 30.000 izan ziren’ leloa irakurri daiteke. Hori ez dago peronismoari eta partidu politiko jakin bati lotuta. Mural eta argazki horiek diktadura bukatu zenez geroztik daude hor. Inor ez da ausartu horiek kentzera.

Paraguain, ordea, gure prozesua desberdina izan da. Argentinan Batzorde Militarren kontrako epaiketa egon zen 1985ean, gurean ez da egon horrelakorik. Giza eskubideen defentsan Argentina mundu mailako ikur bihurtu da, baina gaur-gaurkoz sinbolo hori arriskuan dago Javier Mileiren eta Cecilia Villaruelen gobernuarekin. Bat-batean faxista pilo bat atera dira Argentinako kaleetara. Orain arte isilik zeuden, baina boterean dagoen eskuin berriak lekua eman die berriro. Dokumentalak gogoarazten digu faxismoaren eta diktaduren diskurtsoa ez dela besterik gabe ezabatzen, ekin eta ekin jarraitu behar dugu.

Une giltzarri batean bizi gara. Lucrecia Martel zuzendari argentinarraren hitzaldi batean egon nintzen. Gure baloreak finkatuta zeudela uste genuen, baina Martelen hitzetan, jakintzat ematen genituen balore horiek guztiak arriskuan daude; orain arte lortu ditugun eskubideak egun batetik bestera galtzeko arriskuan gaude. Argentinan hori gertatzen ari da, baina Estatu Batuetan eta Europan ere baietz esango nuke. Paraguain desberdina da, zeren Stroessnerren ondorengoak ez dira inoiz joan boteretik. Diktaduraren sinboloa kendu zuten, baina erroak, sustraiak mantendu ziren. Eta diktadura amaitu zen, tankeak eta militarrak kaleetatik atera zituzten, baina partidu berak jarraitzen du boterean. Aurreko presidentea Stroessnerren idazkari pertsonala izandakoaren semea izan zen. Hauteskunde demokratiko batzuetan aukeratu zuten. Imajinatu egun Espainiako presidentea Francoren lagun onenaren semea dela. Paraguain salbuespen bakarra izan dugu, eta denbora gutxian: Fernando Lugoren gobernua. Horregatik, adi egon behar dugu.

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Dokumentalak argi islatzen du Stroessnerren eta Francoren arteko harreman estua.

Hala da. Francok Madrilgo giltza eman zion Stroessnerri eta Europarako ateak zabaldu zizkion. Errege baten mailako ongietorria egin zion Francok. Kaleak banderaz josita, zaldi gainean… Ordainetan, Stroessnerrek puma bat oparitu zion, bere autoan eraman zuen. Zorakeria. Garai zoro horiek atzean gelditu direla pentsatu dezakegu, baina ez nuke horrelakorik esango. Donald Trump eta Javier Milei ikustea besterik ez dago. Beste mota bateko zorakeria da, baina zorakeria, azken finean. Zorakeria horiek errepikatu ez daitezen saiatu behar gara, eta horretarako, arestian esan bezala, adi egon behar dugu.

Zer da gehien harritu zaituena, dokumentala osatzeko egindako ikerketa lanetik?

Den-dena aurkikuntza bat izan da. Material batzuk beste batzuk baino indartsuagoak izanik ere, ikaragarri ikasi nuen. Jakina, ez dakit dena, diktadura oso luzea eta konplexua izan zelako. Eta pelikulan ez dauden gai asko daude. Baina asko ikasi nuen arlo guztietan.