
Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, Eraldaketa Komunitarioko Bulegoen bidez, Arabako Energia Komunitateen Biltzarra antolatu dute azaroaren 10ean eta 11n Villa Suso Jauregian.
Udalak adierazi duenez, ‘Tokiko eremutik eraldaketa globalera’ lelopean, biltzarrak adituak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte eragileak bilduko ditu esperientziak partekatzeko eta energia komunitateen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko.
Bi egunetan zehar, energia komunitateek trantsizio energetikoan duten zeregina, irtenbide berritzaileak eta lurraldean arrakasta izan duten kasuak aztertuko dira, baita eskura dagoen finantzaketa eta gizartean duen eragina ere. Topaketari amaiera emateko, tailer parte hartzaile bat egingo da, 2030erako ibilbide orri partekatu bat zehazteko.
Biltzarra publiko ugariri zuzenduta dago: herritarrak, energia komunitateak, enpresa elkarteak eta sektoreko gremioak, industria, merkataritza, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, garapen agentziak, erakunde publikoak eta gaian interesa duten erakundeak, besteak beste.
Hitzaldi eta eztabaida mahaiez gain, biltzarrak ‘networking’ eta lankidetza guneak eskainiko ditu, Arabako energia komunitateen sarea indartzeko eta jardunbide egokien trukea errazteko.
Biltzarrera joatea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Parte hartu nahi dutenek izena emateko formularioaren bidez eman dezakete izena: https://forms.gle/dD5T1WmTF4co8Rmk9
Hitzordu horrekin, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak berretsi egiten dute eredu energetiko baten aldeko konpromisoa, pertsonak erdigunean jarriko dituena, iraunkortasunaren alde egingo duena eta erresilientzia komunitarioa indartuko duena.


