Gaur iritsiko da zinema aretoetara “Karmele”, Asier Altuna zinemagilearen azken lana. Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitza dago oinarrian, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobelatik abiatuta. Ondarroan hezur eta haragi oroitzen dute Karmele Urresti, udalgintzan eta herrigintzan inplikatutako emakumea. Filmean bere bizitzaren parte bat kontatzen da, baina etapa horretatik aparte ere bada zer kontatua. Beste film baterako gutxienez ematen du Urrestik Ondarroan herrigintzan egindako bideak.
Aste honetako GAUR8n beste kapitulu hori osatzen saiatu gara. Mahai borobilean eseri ditugu Txomin Letamendi Urresti -Karmele Urrestiren semea-, Jose Luis Bedialauneta ‘Papardo’ eta Josu Arrizabalaga Badiola. Hirurak daude Urrestiri lotuak, garai berean izan baitziren Ondarroako zinegotzi, 1979ko eta 1983ko legealdietan. Papardo, Arrizabalaga eta Urresti, Herri Batasunarekin. Letamendi, LKIrekin.
Oraintxe zinematan estreinatu den filmak bizitza grinatsu baten kapitulu jakina kontatzen du, hamar bat urteko tartea, 40ko eta 50eko hamarkadetan kokatua. Gerrak, erbesteak, torturek eta erresistentziak bortitz markatutako bizipenen ondoren, 1975. urtean bueltatu zen behin betiko Urresti Ondarroara, 59 urte zituela. Eta bere izateko moduan zutoin izan zirenei eutsi zien jaioterrian emandako azken sasoian: erizaintza, herria, hizkuntza eta, horiekin batera, justiziaren alde aritzeko grina.