Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Droga trafikoaren bueltako indarkeria genero indarkeriarekin gurutzatzean

Hiru neska gazte torturatu eta hil zituzten irailaren amaieran Argentinan; herritarrek kaleak bete dituzte justizia eske. Droga trafikoaren, auzune pobretuenen eta genero indarkeriaren hariak gurutzatu dira krimen latz horretan, eta beste behin, emakumeek jasaten duten indarkeria agerian geratu da.

Hiru gazteen hilketa salatu eta egia eskatzeko mobilizazioak.
Hiru gazteen hilketa salatu eta egia eskatzeko mobilizazioak. (Daniella FERNANDEZ | EUROPAPRESS)

Lara Gutierrez, Brenda del Castillo eta Morena Verdiren hilketek agerian utzi zuten narkotrafikoaren eta genero indarkeriaren arteko korapilorik ilunena Argentinan irailaren amaieran. Mafiako krimen baten berezko ezaugarriekin, kasuak berriro azaldu zuen bazterkeria-testuinguruetan emakume gazteak zaurgarriak izan daitezkeela, eta Estatuak ez duela erantzun eraginkorrik ematen auzoek zeharkatzen dituzten egiturazko indarkerien aurrean.

20 urtez azpiko hiru emakume hauen hilketa eta torturak sare sozialetan zabaldu ziren. Mafiosoen jarrera eta beren ezaugarriengatik, droga trafikoaren intersekzio sakona agerian geratu da, genero indarkeriak ere indarrean jarraitzen duela ikusaraziz.

Agenda publikoa eta mediatikoa hartu zuen berehala gertakariak. Biktimen adinak, jasan zuten muturreko indarkeriak eta krimenaren bidez helarazi nahi izan zen «mezuak» azken urteetako istorio gogorrenetarikoa bihurtu du. La Matanza inguruan desagertu ziren irailaren 19an hiru emakume gazteak. Brenda del Castillo 20 urtekoa, Morena Verdi 20 urteko bere lehengusina, eta Lara Gutierrez 15 urteko neska, haien laguna.

Segurtasun kamera batean jasota geratu zenez, hiru gazteak auto zuri batera igo ziren La Matanzan, arratseko 21.30 inguru, eta hortik aurrerako arrastoa galdu egin zen, Lararen mugikorreko azken seinalea 23.14ekoa izan zen. Atera aurretik, etxean esan omen zuten gau horretan beraien bila igaroko zirela, Villa Vatteoneko etxe batera gonbidatuak izan zirelako festara, «300 dolar emango omen zizkieten bakoitzari festa horretara bertaratzeagatik».

Ondorenera egindako adierazpenetan honela kontatu zuen Buenos Airesko Javier Alonso Segurtasun ministroak: «Tranpa batean erortzen ari ziren, nazioz gaindiko droga-trafikoko erakunde batek haiek hiltzeko estrategia bat zuen prestatuta».

BORTIZKI TORTURATUAK

Irailaren 19an joan ziren ustezko festara gazteak, baina biharamunean hiruren berririk ez zutela eta, senideek salaketa jarri zuten. Polizia etxera joandakoan, aipaturiko matrikula jarraitzen hasi ziren, eta faltsua zela ohartu ziren. Baina gazteen mugikorreko seinaleari jarraiki, Florencio Varelako etxe batera iritsi ziren. Bertan, bi pertsona topatu zituzten odol arrastoak garbitzen. Hauek atxilotu, eta polizia zientifikoa inguruak miatzen hasitakoan, lorategian lurperaturik topatu zituzten gorpuak. Desagerpenaren berri eman zutenetik lau egun igaro ziren ordurako, irailaren 24an topatu baitzituzten gorpuak.

Autopsiaren arabera, ordea, auto zurira igotako gau horretan bertan hil zituzten, bortizki torturatu eta guztia Instagrameko kontu batean emititzen ari zirelarik. Antza denez, sare sozial horretako kontu itxi baten bidez eman zuten zuzenean, eta pantailaren bestaldean 45 pertsona zeuden begira. Bideoaren amaieran, narko taldeko burua agertzen da eta halaxe esaten zuen kameraren aurrean: «Hau da droga lapurtzen didanari gertatzen zaiona».

Hil aurretik muturreko indarkeria eta torturak jasan behar izan zituzten hiru gazteek, eta autopsiak ere hori berretsi du, bizirik zeuden artean larrutik sufriarazi zietela hirurei. Adituek azaldu dute «krimen mafioso baten ezaugarri guztiak» dituela gertatutakoak: torturatzeko eta hiltzeko erabili zituzten metodoen basakeria maila, lurperatze klandestinoak, irudien zabalkundea besteren bat «ikaratzeko» asmoz, eta bideoan narkoen buruak egindako ohartarazpena, «egitura batean boterea helarazteko moduak» direla azaldu dute adituek.

Droga trafikatzaile sare handi baten eskuetan erori ziren gazteak Alonsoren arabera, eta beraiekin egindakoak helburu ezberdinak omen zituen: «Neskentzat diziplina ezartzeaz gain, droga trafikatzaile taldeetako beste kideentzat ere ohartarazpen bat da».

Gaur-gaurkoz hilketen arrazoiak argitu gabe badaude ere, senideak ez daude pozik ikertzaile eta agintariek egindako lanarekin. Momentuz, hipotesi guztiek droga trafikatzaileak seinalatu dituzte krimenaren atzean dauden arduradun nagusi gisa. Irailaren 29an, jada sei atxilotu zeudela eta gehiago egon daitezkeela ohartarazi zuen herrialdeko Segurtasun Ministroak. «Bi pertsona edo gehiago bahitzeagatik aldez aurretik pentsatuta, eta azpikeriaz, ankerkeriaz eta genero indarkeriaz kalifikatutako giza hilketagatik» daude inputatuta gaizkileak.

23 urteko gazte bat dago, «Pequeño J» edo «Julito» ezizenez ezaguna, «egile intelektuala» adituen arabera, eta bere bila egunak igaro ostean, urriaren 1ean atxilotu zuten. Perutarra da izatez, eta han atxiki eta Argentinako autoritateen eskuetan geratu zen. «Hiru aldiz larriagotutako giza hilketengatik», prozesu judiziala abiatu dute bere aurka.

Argentinako lurraldean, atxiloketek Magali Celeste Gonzalez Guerrero, Andres Maximiliano Parra, Iara Daniela Ibarra eta Miguel Angel Villanueva Silva harrapatu zituzten, guztiak ere krimenean zuzenean parte hartzeagatik inputatuta, eta Melchor Romeroren espetxera eraman zituzten. Victor Sotacuro Lazaro (Villazon, Bolivia) eta Ariel Gimenez ere atxilotu zituzten, ikertzaileen arabera putzua zulatu eta emakume gazteen gorpuak lurperatu zituztenak. Florencia Ibañez ere atxilotu zuten, Sotacuro Lazaroren iloba, hilketen gauean osabarekin ibilgailu berean egon izana egotzita.

Herritarrek, berriro ere, horrelako taldeek herrialdean sortzen duten arriskua salatu dute.

MOBILIZAZIO JENDETSUAK

Hilketen berri jakin eta berehala hasi ziren protesta eta mobilizazio jendetsuak antolatzen. Irailaren 27rako Ni Una Menos kolektibo feministak Buenos Airesen antolatu zuen mobilizazioa, eta Argentinako beste hirietara ere zabaldu ziren protestak.

Buenos Airesen kasuan, Plaza de Mayotik abiatu zen mobilizazioa, Gobernuaren egoitzatik pasa ziren eta Kongresu Nazionaleraino joan ziren, «biktimarik ezin da baztertu» oihu artean, feminizidioengatik justizia eskatuz.

Mobilizazioaren lehen lerroan hiru gazteen senideak joan ziren, eskuetan biktimen izenekin banderak zituztelarik, «ez daude biktima onak eta txarrak, feminizidioak daude, Estatua da arduraduna», adierazi zieten bertako komunikabideei. Protesta nazionalaren biharamunean, Brenda eta Morenaren senideek La Tabladako biribilgunean eserialdia egin zuten, gazteak azken aldiz ikusi zituzten lekuan.

Martxan parte hartzen ari zirenek modu batean zein bestean indarkeria matxistaren gorakada salatu zuten, eta horien muturreko ondorio diren feminizidioak arbuiatu zituzten. Datu gordin bat jarri zuten mahai gainean: 2025a hasi zenetik, 36 orduero emakume bat hiltzen dute: «Oso beldurgarria da, gutako edonor izan daiteke hurrengoa, hori jakitea oso gogorra da».

Ni Una Menos talde feministako Lucia Cavallerok krimen hirukoitz honen arriskuak mahai gainean jarri ditu: «Degradazio eta deskonposizio sozialaren sintoma da, oso serio hartu beharrekoa».

Yamila Alegrek, berriz, indarkeria gehien jasaten dutenak zein auzotan eta zein egoera sozioekonomikotan bizi diren azaleratu zuen: «Oso injustua da dena, are gehiago emakume pobreak baldin bagara eta baliabide gutxiko auzoetan jaio bagara, beti da askoz zailagoa aurrera egitea». Hainbat aldarrikapenen jopuntua izan zen biktimen egoera ere. «Biolentzia ekonomikoak droga trafikatzaileen sareak handitzea eta antolakuntza zibila deuseztatzea dakar», azaldu zuen beste manifestari batek.

Antonella Polti militante feminista ere kritiko mintzatu zen martxan zehar Argentinako Estatuburuaren inguruan: «Zer gertatu zen jakin nahi dugu, Estatua arduradun egitea nahi dugu, hiru neska gazte falta zaizkigu, baina etengabekoak dira emakumeek eta disidenteek jasaten ditugun erasoak». «Gorroto diskurtsoak» gelditzeko dei egin zuen, eta Mileiren azken neurriak emakumeen aurka doazela azpimarratu zuen. Gehituz, «konplizitate politiko eta polizialek» are prekarioago bihurtzen dituztela emakumeak, eta batez ere, emakume pobreak, ohartarazi zuen, «sistemaren biktima» bihurtuz.

Estatuaren esku hartzea ere eskatu zuten, «hiru emakume hil dituzte gure aurkako gorrotoa eragiten duen indarkeria politiko eta mediatikoaren erdian», azaldu zion batek EFE berri agentziari, eta beste batek zuzenean seinalatu zituen Mileik indarrean jarritako politikak: «Estatuaren antifeminismoa eta hartutako neurri politikoak hilgarriak dira».

Argentinako kaleak justiziaren eta egiaren aldarriek bete zituzten. Daniella FERNANDEZ | EUROPAPRESS

ESTATUA, GENEROA, INDARKERIA

Feminizidio hirukoitzak, baina, eztabaida gehiago zabaldu ditu Argentinan. Batez ere Estatuaren esku hartzeen, droga trafikoaren eta indarkeria matxistaren gurutzaketen inguruan. Argentinako Gobernutik zein Buenos Airesko instituzioetatik ikuspegi kontrajarriak agertu baitira.

Axel Kicillof Buenos Airesko herrialdeko gobernadoreak «estrategia serio eta nazional bat» abian jarri behar dela aldarrikatu zuen, egun herrialdean dagoen droga trafikoari aurre egiteko: «Estatuak behar baino presentzia gutxiago duenean, gazteen aukerak eskasak direnean, gazteek etorkizuna irudikatu ere ezin dutenean egin… drogen trafikoa handitzen da». Eta zuzenean egin zion dei Milei presidenteari, mahai nazional bat eratzera: «Presidenteari eskatzen diot larritasunez osa dezala gobernadoreek osaturiko mahai bat eta landu dezagula gaia, Argentina osoari eragiten baitio». Gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan hausnartu beharra azpimarratu zuen.

Bestelakoa da, ordea, Patricia Bullrich Mileiren alderdiko ministroaren ikuspegia, gertakari lazgarri hauen argazkitik feminizidioei eta indarkeria matxistari garrantzia kendu baitzien. Eraso «gaitzesgarria» dela kritikatu zuen, eta droga trafikoari lotutako taldeek egin zutela, baina garrantzia kendu zion genero indarkeriarekin lotutako gertakariari, eta batez ere horri lotuta egoteari: «Hiru emakume izan dira, baina izan zitezkeen hiru gizon. Droga trafikoari begiratu behar diogu, eta ez Ni Una Menoseko martxetan esaten ari denari».

EZTABAIDA LEGALA

Kasuak narkotrafikoarekin duen harremanari buruzko hipotesietatik haratago, adituek krimena feminizidio hirukoitz gisa kokatzearen garrantziaz ohartarazten dute.

Melisa Garcia abokatu feministak, Abokatu Feministen Elkartearen sortzaileak, France 24 hedabideari azpimarratu zion figura hori Argentinako Zigor Kodean txartatuta dagoela, eta hori aitortzean «agerian uzten duela genero kontu batez ari garela, motorra emakumeen gorputzaren kosifikazioa baita».

Bere ikuspegian, narkotrafikoaren logikaren barruan soilik kokatzeak diluitu egin dezake dimentsio hori: «Kontu-garbitze baten esparruan kokatzen badugu, badirudi edonor izan zitekeela, gertakari gorabeheratsua dela eta ez da ikusten hiru neska kaltebera izan zirenik, prekaritate ekonomiko eta sozialeko egoeran zeuden gazteak».

Garciaren ustez, feminizidio gisa tratatzeak, berezko ezaugarriak definitzeaz gain, Justizia genero-ikuspegiarekin ikertzera behartzen duten nazioarteko konpromisoak ere aktibatzen ditu.

Era berean, krimen mota horren osteko eztabaida publikoetan behin eta berriz agertzen den beste puntu bati buruz ohartarazi zuen abokatuak: biktimengan fokua jartzeko joerari buruz. «Beti jartzen da ardatza emakume horrek, neska gazte horrek, egin duen horretan, zergatik zegoen zegoen lekuan. Eta horrek azken emaitza ia justifikatu egiten du, kasu honetan feminizidioa», adierazi zuen.

«Kasu honek prekaritate izugarria eta estatuaren erabateko utzikeria agerian uzten ditu, eta horrek emakumeen gorputzean eragina izaten du beti», ondorioztatu zuen.

Kasuak gizarte-zientzien irakurketak ere piztu zituen. Agustina Kupsch antropologoak ohartarazi zuenez, Argentinan oraindik ez dago Mexikon bezain ibilbide zabala narkoaren azterketan, baina Florencio Varelan gertatutakoaren antzekoak izan dira beste hainbat ere.

Kupsch-en arabera, narko liskarretan gizonak hiltzen direnean, lurraldetasuna izaten da helburua: legez kanpoko trafiko eta merkataritza ibilbideak kontrolatzeko mugak ezartzea. Aldiz, biktimak emakumeak direnean, krimenak beste dimentsio bat hartzen du: emakumeen gorputzak konkistatutako edo eztabaidatutako lurralde horren zati gisa erabiltzen dira.

Droga trafikoaren taldeek eragindako indarkeria eta genero indarkeria gurutzatzen direla aldarrikatu zuten martxa feministetan. Daniella FERNANDEZ | EUROPAPRESS

EZ DIRA SUBJEKTU OSO

«Emakumeak ez dira ikusten zuzenbidezko subjektu oso gisa, konkista-objektu gisa baizik. Mezu bat bidaltzeko hiltzen dira, markatzen den lurralde sinboliko baten parte bezala», azaldu zion France 24ri.

Logika hori krimenen krudeltasun bereizgarrian islatzen da. Gizonak su-armekin exekutatzen diren bitartean, emakumeen kasuan maiz agertzen dira tortura-, sexu-indarkeria- edo mutilazio-zantzuak, mezu publiko gisa funtzionatzen dutenak, adituen arabera. «Erakusten diren krimenak dira, erakutsi nahi direnak. Horregatik, izuaren pedagogia aipatzen da: emakumeen gorputzak diziplina eta ohartarazpen eremu bihurtzen dira», gaineratu zuen antropologoak.

Kupsch-entzat, genero-dimentsio hori funtsezkoa da ulertzeko zergatik Lara, Brenda eta Morenaren hilketa hirukoitza ezin den interpretatu kontu narkoen doitze soil gisa. Emakumeen gorputzak boterea transmititzeko lurralde gisa erabiltzen dituen krimena da, Latinoamerikako indarkeria narkoko agertokietan jada dokumentatu den eredua.

Emakume gazteen hilketak ez du krimen latz baten izugarrikeria bakarrik agerian uzten, narkoen indarkeria eta genero indarkeria Estatuaren ertzetan elkartzen dituzten herrialde baten egiturazko arrakalak ere bistaratzen ditu. Justizia gertaerak berreraikitzen saiatzen ari den bitartean, gizarteak duela urte batzuetatik kaleetan oihukatzen duen gauza bera eskatzen du: emakumeak inoiz ez daitezela izan diziplina-lurralde edo zigor-lurralde.

Muturreko indarkaria berriro ere azalera atera da Argentinan, eta eztabaida zahar-berriak zabaldu dira.