GAUR8

Gaur 75 urte jaio zen Joxemi Zumalabe kazetari eta ekintzaile euskaltzalea

'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko lanetan buru eta motorra izan zen, eta batez ere, euskararen eta herriaren aldeko militantea izan zen, gazte garaitik hil arte. Duela 75 urte jaio zen, Donostian.

Joxemi Zumalabe Argiako lankideen artean.
Joxemi Zumalabe Argiako lankideen artean. (Wikimedia)

Duela 75 urte, 1950eko urriaren 14ean jaio zen Donostian Joxemi Zumalabe kazetaria, marrazkilaria eta euskaltzalea. Zeruko Argia aldizkarian hasi zen kazetari lanetan, eta Euskaldunon Egunkariaren sortzaile eta sustatzaile garrantzitsuenetako ere izan zen. 

Donostian jaio zen, eta bere aita kultur eragile ezaguna zen garaiko Donostiako giro euskaltzale eta abertzalean. Ondorioz, familia giro abertzalean hezi zen Zumalabe,  eta hiru urterekin hasi zen ikastolan, Elbira Zipitriaren etxetik ere pasatu zen, Donostiako Alde Zaharrean. Ikasketak amaitu eta Zeruko Argia aldizkarian idazten hasi zen, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik garai hartan Gazte naiz izeneko saila zuten aldizkarian eta Hemen gazteagoak izeneko saila sortu zuten Santo Tomas Lizeoko ikasleentzat. Geroago aldizkariko nazioarteko sailean idazten hasi ziren.

1968an Bartzelonara joan zen Arkitektura ikasketak egitera, baina amaitu gabe itzuli zen Donostiara, eta hamar urte beranduago, tartean soldadutza eginda, Zeruko Argian zegoen krisia sumaturik, Argia aldizkaria sortu zutenetako bat izan zen. Bere zeregin nagusia hasiera hartan lan taldea finkatzea izan zen. Euskarazko astekariak martxa hartu zuenean, euskara hutseko egunkaria sortzeko apustua egin zuten, halaxe esan omen zuen Zumalabek berak: «Dugun guztia mahai gainean jarri eta euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin behar dugu».

Artefaktuan, Iñaki Sotok Zumalaberen heriotzaren urteurrena gogoratu zuen, 42 urterekin hil zen, hestegorriko minbiziaren ondorioz. Bere lan nagusiak eta pentsamendua ere ekarri zituen azalera.