Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatuta, Musika Bizian estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdiak kartela eta datak ditu lotuta jada. Urriaren 24an eta 25ean izango da, Iturrondo plazan, eta Palestinatik, Sardiniatik eta Eskoziatik heldutako taldeak ekarriko ditu Galdakaora. Euskal Herriko musikak ere bere lekua izango du oholtzan.
Hilaren 24an, ostiralez, Eskoziako Imar eta Euskal Herriko Korrontzi taldeak arituko dira. Larunbatean, Sardiniako Nur, Palestinako Apo & the apostles eta Xutik euskaldunak oholtzaratuko dira, «orotariko estiloak plazaratuz.
Kontzertuen ondoan, kaleak girotzeko hainbat proposamen ditu jaialdiak. Bariku arrastian Taberna Ibiltariak irekiko du jaialdia, euskal kanta tradizionalekin.
Zapatuan, ohiko luthier eta musika azoka egingo dute, eta horrekin batera, musika tresna tailerrak, tresnen erakusketa eta kale animazioa egongo da.
«Urtero bezala, Musika Biziak jaialdiak estatu eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izan nahi du», azaldu dute antolatzaileek. Nabarmendu duenez, beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntzak erakustea da jaialdiaren beste berezigarri bat.
2014. urtean jaio zen ekimena, estaturik gabeko herrialdeen kultura ezberdinak erakusteko espazioa izateko bokazioarekin, eta munduko kultura aniztasuna islatzeko.
«Andra Mariren helburuetako bat betidanik izan da euskal kultura plazaratzea, eta honetan dihardu oraindik. Baina munduan badaude Euskal Herriaren egoera bertsuan dauden herri eta aberriak, hortaz horiei ikusgarritasuna emateko, finean, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden munduko beste herrialde batzuetako musika, hizkuntza eta kulturak erakusteko, antolatu zen», gogoratu du taldeak.