GAUR8

Bermeok ‘Txilipitxeruek’ haurren igeriketa ikastaro berria eskainiko du azaroan

‘Txilipitxeruek’ haur txikien igeriketa ikastaro berria eskainiko du Bermeok azarotik aurrera Areneko kiroldegian. 6 eta 36 hilabete bitarteko umeei zuzendutako jarduera da, eta nabarmendu dutenez, «onura ugari ditu».

Guraso edo zaintzaile baten laguntzarekin egiten da ikastaroa.
Guraso edo zaintzaile baten laguntzarekin egiten da ikastaroa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bermeoko Areneko kiroldegiak datorren azarotik aurrera ‘Txilipitxeruek’ izeneko matro-igeriketa ikastaro berria hartuko du. 6 eta 36 hilabete bitarteko umeei zuzendutako jarduera da, eta guraso edo zaintzaile batek parte hartu behar du saioetan.

Bizkaiko udalerriko Udalak jakinarazi duenez, Txilipitxeruek izeneko ekimenerako izen emateak urriaren 15etik aurrera egin ahal izango dira, aplikazio berriaren, webgunearen edo salmenta automatikoko makinen bidez.

Jarduera honen helburua «ez da haurrek igerian ikastea, baizik eta haurraren eta gurasoaren arteko lotura afektiboa sendotzea, eta haurrak urarekin kontaktu positiboa izan dezan laguntzea», azaldu dute udal iturriek.

Nabarmendu dute, jarduerak onura ugariak dituela: «Arnas aparatua hobetzen du, muskulatura indartzen du, garapen psikomotorra estimulatzen du, erlaxazioari laguntzen dio, gosea zabaltzen du eta haurraren eta bere laguntzailearen arteko lotura afektiboa indartzen du».

Saioak astearte eta ostegunetan izango dira, 16.15etik 16.45era, 30 eta 32 gradu bitarteko uretan, «haurtxoentzat bereziki egokituta».

Azaldu dutenez, Areneko kiroldegiko instalazioetan egindako egokitzapen teknikoari esker «mota honetako jarduera berriak eskaini ahal» dituzte.