
Burkina Fasoko buruzagia izan zen Thomas Isidore Noël Sankara, Thomas Sankara bezala ezagunagoa. Sankara Frantzia aginte kolonial ohiak eta herrialdeko zenbait sektore tradizionalen oposizioak bere kontra bultzatutako estatu-kolpean hil zen, 1987ko urriaren 15ean, gaur bezalako egun batez 37 urterekin.
Afrikako deskolonizazioren buruzagi erreferentzialenetakoa izan zen, demokrazia parte-hartzailearen ukitua zuen politikarekin konbinatu baitzuen bere lana, Burkina Fasoko presidente eta Lehen Ministroa izan zenean. Ustelkeriaren borroka, hezkuntza eta nekazaritzaren garapena eta emakumeen egoeraren hobekuntza bultzatu zituen haren ekimenak. Horri lotuta dago bere ezizena: Afrikako Che Guevara.
Blaise Compaorek antolatutako estatu-kolpeari esker, Sankara 1983ko abuztuaren 4an, 33 urterekin beraz, presidente bihurtu zen. Sankarak iraultzaile eta antiinperialista definitzen zuen bere burua, eta Kubako eta Ghanako gobernuek bezala, «iraultza demokratiko eta popularra» bultzatu zuen, Jerry Rawlingsen eraginpean. 1984an iraultzatik urtebetera, estatuari izen berria ipini zioten: Burkina Faso «gizaki zintzoen lurraldea» esan nahi du mossiera eta diuleraz. Bandera eta ereserkia ere aldatu zituzten.
12 ofizialek osatutako taldean egin zuen estatu kolpean hil zuten Sankara, nahiz eta mediku militar batek «heriotza naturala» izan zela idatzi zuen.
Baiona Ttipiko Agostu Xaho kaian ‘Sankara Ostatua’ izeneko taberna-biltokia dago, Euskal Herri mailan zein munduarekiko elkartasun lanerako egitasmoak bultzatzeko pentsatua.