GAUR8

Sara Alonso, Nhil taldeko abeslaria: «Ahotsaren bilaketa prozesu luze batean egon naiz»

Aretxabaletako Nhil taldeak ibilbideko hirugarren lana argitaratu berri du, “Etxea” deiturikoa. Taldeko kide Sara Alonso eta Peio Uribetxeberria izan ziren Naiz Irratian duela egun batzuk. Iker Gurrutxagari azaldu zizkioten azken lanaren zehaztapen batzuk elkarrizketa batean.

“Etxea” diskoa labetik atera berri, lanaren zehaztasunak kontatzera gerturatu ziren orain egun batzuk taldeko Sara Alonso eta Peio Uribetxerria. Sara Alonsok bertan aitortu zuenez, «orokorrean gauza gozoetara jotzen dugu; gozotasuna, distortsio gutxi, baxu gozoak, kontu handiz zainduko bateria eta ahotsa ere oso-oso gozo».

Bide horretan, abeslariak kontatu zuen ahotsaren arloan bilaketan aritu dela azken lan honetan. «Aurreko diskoetan ahotsak gora egitea bilatzen nuen, tonalitate altuetara jotzen nuen. Orain dagoeneko erosotasun bat bilatu nahi nuen. Uste dut oso luzea izan den ahotsaren bilaketa prozesu batean egon naizela eta disko honetan zedozer topatu dut».

Beste berezitasun bat ere kontatu zion Gurrutxagari. Oso desberdina da zutik edo eserita abestea, abeslariari gauza desberdinak eskatzen dizkio batak eta besteak. Lan honetan, espreski landu du Alonsok zein abesti kantatu zutik eta zein eserita, eta diskoaren grabaketan horren arabera jardun du. «Estudioko lanean markatuta neukan zein abesti kantatuko nuen zutik eta zein eserita. Zuzenekoetan ere horrela egingo dut eta nik dagoeneko nire gorputza ohitu egin dut gauza batera eta bestera. Oso desberdina da. Lehen aldiz egin dut ariketa hori eta nahiko eraginkorra izan da».

Apustu handia egin dute Nhil taldekoek, beren lana grabatzera La Casa Murada estudiora joan baitira. Zazpi kantu landu dituzte, eta lehengo eta oraingo taldekideek elkarrekin grabatu dute diskoa.