
Nafarroako Foru Gobernuak onartu berri duen Adikzioak Prebenitzeko IV. Planak kontsumitzen hasteko adina atzeratzea du helburu, eta arriskuaren pertzepzioa areagotu eta tolerantzia soziala murriztu nahi ditu..
Plan berri hori 2025 eta 2030 bitartean garatuko da, eta 10,8 milioiko aurrekontua du adikzioen arloko erronka berriei aurre egiteko, bai substantzia dagoenean zein substantziarik gabe.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gidatu du prozesu parte hartzailea, eta Nafarroako Gobernuko sail gehienetako eragileen, prebentzioaren tokiko profesionalen, gizarte erakundeen, hirugarren sektoreko ordezkarien eta adikzioen arloko adituen inplikazioa izan du.
Plana bat dator Drogei buruzko Estatu planak eta Drogei buruzko Europako Agentziak ezarritako lehentasunekin, eta lau ildo estrategikoren inguruan egituratzen da.
Horien bidez, lehentasunezko helburu hauek lortu nahi dira: arrisku-kontsumoak eta mendekotasuna eragiten duten beste jokabide batzuk murriztea, baita horiek komunitatean dituzten ondorioak ere; drogen kontsumoari eta mendekotasuna eragiten duten beste jokabide batzuei lotutako arriskuaren pertzepzioa handitzea, eta adingabeen kontsumoarekiko tolerantzia soziala murriztea; mendekotasuna eragin dezaketen substantziak edo jokabideak kontsumitzen hasteko adina prebenitzea edo atzeratzea; eta adikzioekin lotutako osasun-arloko desberdintasunak murriztea.
Arreta espezifikoa
Bertan, osasunaren sustapena eta haren izaera integrala eta eguneratua indartzen duten funtsezko jarduerak txertatzen dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira substantziarik gabeko adikzioentzako arreta espezifikoa, hala nola joko patologikoa, pantailen erabilera problematikoa eta kirol-apustuak, edo hondakin-uren analisiaren bidezko zaintza epidemiologikoa, biztanlerian benetako kontsumo-ereduak detektatzeko proiektu berritzailea.
Era berean, adikzioen arloko ikerketa bultzatzea aurreikusten du, ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzeko ezagutza erabilgarria sortzeko; eta adikzioen prebentzioan inplikatutako sektoreetako profesionalen etengabeko prestakuntza espezializatua sustatzea.
Helburu horiek guztiak lortzeko, dokumentuak zenbait helburu espezifiko eta jarduera zehatz jasotzen ditu, eta horiek indarrean dauden bitartean garatu eta ebaluatuko dira jendaurrean.