
Osasun mentaleko arazo larriek zahartze goiztiarrean duten eraginak aztergai jarriko ditu Agifes elkarteak hilaren 22an, asteazkenez, Donostian antolatu duen hitzaldian. Buru osasuna eta zahartzea ardatz hartuta, arreta zerbitzuek errealitate horretara nola egokitu daitezkeen aztertzea da helburua.
«Buru osasuna funtsezkoa da bizitzako etapa guztietan, haurtzarotik zahartzarora. Hala ere, beharrak eta erronkak aldatu egiten dira urteekin, eta, askotan, ez dute merezi duten arreta jasotzen. Ideia hori abiapuntutzat hartuta, Agifesek ‘Buru osasuna, zahartzea eta adineko pertsonak’ jardunaldi irekia egingo du», adierazi du elkarteak.
Gaia jorratzeko, osasun mentalaren eta adinekoen arloan eskarmentu handia duten hizlariak bilduko dituela azaldu du. Hizlarietako bat Gabriela Mondragon Olan izango da.
Matia Fundazioan neuropsikologoa, Egurtzegi proiektuan parte hartzen du. «Proiektu horrek mendekotasunarekin, psikogeriatriarekin edo dibertsitate funtzionalarekin loturiko profilak dituzten adinekoentzako zainketak eskaintzen ditu», zehaztu dute Agifesetik.
Bestetik, David Otaegui, Biogipuzkoako Neuroinmunologia taldeko zuzendaria egongo da hilaren 22an Donostian. Zahartzeari buruzko zeharkako ikerketa-lerroan parte hartzen du, baita Estibaliz Lopez de Munain Irungo Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrak ere, zeina Gipuzkoako Poliklinikako Neurozientzia Klinikoen Unitateko kidea izan den.
Iker Arrizabalaga Agifes-eko psikologo eta Familien programaren arduradunak egingo ditu moderatzaile lanak. Donostiako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da hitzaldia, 18.00etan.
Baliabideak indartzeko premia
Pasa den urriaren 10ean ospatu zen Buru Osasun Nazioarteko Egunaren harira gogoratu du Agifes-ek aurtengo kanpainak «arazo larriak dituzten gazteei eta adinekoei zuzendutako laguntzak eta baliabideak indartzeko premia» nabarmendu dela.
«Gazteen artean, gizarte-presioak, laneko ziurgabetasunak eta gehiegizko esposizio digitalak eragin larria izan dezakete ongizate psikologikoan. Zahartzaroan, aldiz, bakardadeak, gaixotasun kronikoek edo laguntza-sareak galtzeak areagotu egiten dute osasun mentaleko arazoak sufritzeko arriskua», gogoratu dutenez.
Testuinguru, premiazko konpromisotzat jo dute babes-inguruak sustatzea, «ondoeza txiki-txikitatik prebenitzea eta bizitza osoan laguntza egokiak bermatzea».