GAUR8

Hego Afrikako N|uu hizkuntzaren azken hiztunaren atsekabea

Katrina Esau da N|uu hizkuntza ondo hitz egiten duen azken hiztuna. 92 urte ditu eta oraindik lanean dabil Hego Afrikako San indigenen hizkuntza desagertu ez dadin. Kexa da gobernuak ez duelako proiektua babesten. Zer gertatuko da bera hiltzen denean?

N|uu Hego Afrikako antzinako hizkuntza da, San indigenek mintzatzen dutena. Ondo dakien azken hiztuna da 92 urteko Katrina Esau. Oraindik lanean ari da hizkuntza ez desagertzeko, baina babes gehiago eskertuko luke.

«Erabili egiten naute eta nik oso gutxi jasotzen dut trukean. Hutsa. Dirulaguntza txiki bat ematen didate, elektrizitatea ordaintzeko erabiltzen dudana, eta agortu egiten da. Nire burua kaltetzen ari naiz hizkuntza hau babesteko, baina alferrik da», kexu da Katrina Esau. 

«Askok diote gure hizkuntza itsusia dela, eta beste askok diote ez dela hizkuntza bat, desastre bat besterik ez. Eta uste dut horregatik ez dutela hitz egiten. Nire aitak kontatu zidan nekazari zuriek esaten zietela hil egingo zituztela gure hizkuntzan mintzatzen baziren, eta ez zutela hitz egin behar beraiek aurrean bazeuden. Horrelakoak ziren gauzak», azaldu du azken hiztunak.

Charles “Jackal” Esau, Katrinaren semea, oso harro dago bere amak egiten duen lanaz: «Errespetu handia diot bere energia osoa erabiltzen ari delako hizkuntzak biziraun dezan. Oso tristea da pentsatzea zer gertatuko den bera hiltzen denean, zer gertatuko zaion hizkuntzari». 

Katrina Esau, berriz, oso haserre dago gobernuaren jarrerarekin. «Presidentea eta gobernuko langileak etor daitezela irakasle gazteei azaltzera zergatik ez duten proiektua diruz laguntzen. Gazteek uste dute gezurra esaten diedala baina gobernuak esaten ditu gezurrak», salatu du.

Claudia Snyman Katrinaren biloba da. Berak ere hitz egiten du N|uu, baina ez amonak bezain ondo. Hizkuntza eskola bat du martxan. «Hizkuntza salbatzen saiatzen ari gara. Une honetan hizkuntza edonori irakasteko eskola bat dugu, edozein adin tarteri, idazten eta hitz egiten ikas dezaten. Liburu batzuk ere baditugu, adibidez, "Ostruka eta dordoka", "Ouma Katrikak hizkuntza irakasten du" eta horrelako beste batzuk, guk egindakoak».