Eta dutxa ez-mistoak?
Azken asteetan dutxen bueltan asko hitz egiten ari da. Askotan sentsazionalismo eta morbotik, horrek sortutako ezinegon eta traumen zerrenda luzeak osatu dira. Hala ere, kasualitatea, dutxa mistoak soilik aipatzen dira. Zergatik? Abiapuntuan bertan egiten da tranpa: alde batetik, «dutxak» kokatzen dira, ordena naturalaren adierazpide neutroak bailiran, ez-mistoak direla esan beharrik gabe (esaterako, inori ez zaio okurritu ere egiten gurasoei horren berri eman behar zaienik); bestetik, dutxa mistoak, desordenaren eta traumen iturri susmagarriak, adierazi, baloratu eta, kasuan, epaitu beharreko egituraketa «ideologizatu» bezala.
Jakin badakigun eran, baina, ez dago ez-ideologikotzat jotzen den hori baino kontu ideologikoagorik. Hortaz, eztabaida ireki den honetan, zergatik ez dugu dutxa ez-mistoez ere hitz egiten? Zergatik ez izendatu horren atzeko ideologia, botere-harreman, ezinegon eta zauriak?
Nik neuk gizonezkoen aldagelak habitatu ditut eta, egia esan, bada zer pentsatua: garrasiak; paja bidezko gizontasun erakustaldiak; barrabil, zakil eta gainontzekoen inguruko iruzkinak; umiliazio publikoak... Uste dut denok ezagutu ditugula halakoak, hain zuzen, hori baitzen ekintza horien helburu nagusietakoa: gure gizonkeria denei ezagutaraztea, elkarri hori aitortu eta berrestea. Horretarako baldintzak ere publikoki ezartzen ziren, nahiz eta pribatuan jasan: lotsak, dutxatu nahi ezak… Maiz, normatik zentimetro bat urruntzea nahikoa izaten zen «marikoia!», «puto gordo!» eta gisakoak entzuteko (ez da kasualitatea, azken egunotan entzuten ari garen irain berdin-berdinak!).
Beraz, hain publikoa izanik, zergatik ez da horri buruz ere hitz egiten? Honen helburua ez da morboa elikatzea, ez izu sexuala zabaltzea («kontuz mutil gazteekin, ez nahastu!»), ezta inor zehazki seinalatu eta kriminalizatzea ere. Dinamika sozial eta egiturazkoaren parte da, eta nik hor jarri nahi nuke fokua: gizona (emakumea bezala) jaio baino egin egiten bada, dutxa ez-mistoek zer paper jokatzen dute eraikuntza bitar eta hierarkiko horretan? Gorputzen eta identitateen aniztasuna bi bloke monolitiko eta zurrunetara murriztean, zein subjektu normal eta anormal sortzen dira? Bestalde, zein harreman mota sortzen dira beste dutxa ez-mistoetan dauden «besteekin»? Lagun batek esan didanez, haiek batzuetan bikinian dutxatzen ziren edo ez ziren dutxatzen, mutilak zirriztu batetik begira egoten zirelako. Bide batez, bereizketa horrek nola elikatzen du gorputzen sexualizazioa? Adibidez, gogoan dut ezagun bat behin nola etorri zen X-ri TITIA ikusi ziola esanez, erabat aztoratuta. Titi bat beharrean TITI BAT ikustea ez da oso sanoa, ezta?
Bat inoiz ez da erabat «gizon», etengabe berretsi behar da. Zentzu horretan, gogoeta hau ez dago zertan nerabezarora mugatu ere, halako dinamika patriarkalak lotuta baitaude gero hainbat esparrutan anaien artean sortzen diren/ditugun espazio ez-mistoekin, bai eta horren bidez gauzatzen diren botere-harremanekin ere. Michael Kimmelek “Angry White Men” liburuan azaltzen duenez, agian hor dago gizon zurien haserre orokortua ulertzeko giltzetako bat ere: lehen gizartea gizonen aldagela bat bailitzan gobernatzen omen zen, «gizonen rollo lasaian, une oro txorakeriekin aritu beharrik gabe», baina «orain aldagela madarikatua ere ez da aldagela bat! Emakumeek dena inbaditu dute!», Jeff elkarrizketatuaren hitzetan.
Hortaz, gizonen dutxa ez-mistoak, metaforikoki zein literalki, auzitan jarri beharrean gaude. Beste hainbat politikekin batera, zaintzapeko dutxa mistoak horretarako bide interesgarrietako bat iruditzen zaizkit. Horrek Arkadia zoriontsu bat direla esan nahi du? Ez, noski. Euskal Udalekuen kasuan, esaterako, «biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda» dihardute. Ezberdintasuna da, kasu honetan bai, horiek izendatu eta kudeatzeko mekanismoak jartzen direla, dutxa ez-mistoetan ez bezala. Kudeaketa horiek perfektuak dira? Ez, jakina, horregatik ahalegintzen dira arauak eta akonpainamenduak etengabe berrikusi eta hobetzen. Maddi Txintxurretak planteatzen zuen bezala, auzi honek, hain justu, eztabaida eraikitzaile horretan sakontzeko balio beharko luke: «Atzera egin beharrean, aurrera egiteko». Ea ba asmatzen dugun. •