Koldo Sagasti
Giza eskubideen aldeko ekintzailea

Genozidioa garesti atera dadin

Pasa den asteazkenean ezohiko deialdi batek kalera aterarazi zituen Hego Euskal Herriko langileak. Ezohikoa, aurrekoetan ez bezala, lan arloko aldarrikapenen ordez Palestinako herriaren giza eskubideekiko kezka zutelako jomugan lanuzteek. Eta ezohikoa, baten partez hamaika mobilizazio zeudelako bateko eta besteko sindikatuek eta gizarte eragileek deituta. Hitzorduen eta siglen nahasmendua gorabehera, milaka herritar atera ziren karriketara, Euskal Herriko erakundeek eta patronalak Israelgo erregimen kolonialarekiko harreman ekonomikoak eten ditzaten aldarrikatzera. Jendeak, erantzukizun kolektiboko ariketa batean, aurreikuspenak gainditu eta aurrea hartu zien axolagabekeria besterik erakutsi ez duten gobernuei, oligarkia ekonomikoei eta barne gatazketan galdutako sindikatuei.

Jadanik ezin zaio ez entzunarena egin tsunami zibiko honi. Ezin zaio betiereko babesa eman CAF bezalako konpainia bati, areago, NBEk berak genozidioaren ekonomian parte hartzen duten enpresen zerrendan sartu duenean. Ezin zaie eutsi Israelgo erakundeekiko harreman instituzional, akademiko edo polizialei. Ezin dira onartu normaltasunez Israelgo irudia garbitzen duten kultura edota kirol enbaxadoreak. Asteazkenean jendeak hartu zuen hitza, eta mahai gainean jarri zuen Israel isolatzeko beharra, horixe baita bere jarduera kriminala eteteko bide bakarra. Genozidioa ez da etengo gobernu-kontseiluetan edo nazioarteko epaitegietan. Aitzitik, Yasmeen El Hasan ekintzaile palestinarrari behin entzun nion bezala, genozidioa geldituko da palestinarrak hiltzea palestinarrak hiltzeari uztea baino garestiagoa denean. Ondotxo dakite hori erregimen kolonialeko estrategek. Eta ondotxo dakite, halaber, Pradalesek, Arizkorretak eta enparauek.

Herriak erakutsi du bere borondatea. Orain, borondate gutxi baina Israelgo isolamendu politiko eta ekonomikoa gauzatzeko tresnak dauzkatenen txanda da. Eta bestela garesti atera dakiela, historiak ez baitie barkatuko haien utzikeria. •