«De la révolution tranquille»
Urriaren 5ean ospatu dira hauteskundeak Quebecen. 59 eserleku lortu ditu Parti Quebecois (PQ) alderdiak. Bigarren indarra, Parti Liberal Quebecois (PLQ) izan da eta nabarmen atzerago sartu dira parlamentuan alderdi kontserbadorea (19 eserleku), eta ezkerreko independentistak (9 eserleku). Deigarria badirudi ere, orain arte agintean egon den alderdia, Quebeceko Etorkizunaren Aliantza (CAQ), parlamentutik kanpo gelditu da. Itzuli bakarreko First-past-the-post sistemaren aldrebeskeriak. Edonola, PQk iragarri du gutxiengoan gobernatuko duela eta, hala eta guztiz ere, Paul St-Pierre Plamondon, PQren buruak, aditzera eman du berriz deituko duela autodeterminazio erreferenduma.
Quebecen bi aldiz bozkatu dute independentzia bai ala ez; lehena 1980an eta bigarrena 1995ean. Bietan zegoen PQ gobernuan eta bietan galdu dute. 1980an independentziaren aldeko hautuak herritarren %40ren babesa jaso zuen. 1995ean gehiago gerturatu ziren; herritarren %49,4k babestu zuten independentzia. Pentsa daiteke erreferenduma berriz deitzeko arrazoia dela, independentziaren aldeko jarreraren emendatzea. Jarraipen iraunkorra egiten diote auziari 338Canada komunikazio plataforma independentetik. Aldiz, inkestek erakusten dute azken urteetan independentziaren aldeko babesa %30 eta %40 artean kokatu dela. Oraindik ere ahul.
Lehen ministroaren iragarpena ulertzeko testuinguruan kokatu behar dugu lehenik. Hasteko, Kanadan, Espainian ez bezala, erreferenduma hautu politiko bat da. Bestela esanda, ezohikoa da, baina ez dakar kartzela zigorra edo erbestea. Espainiar konstituzionalak poliziari erreferenduma indarrez jazartzeko mandatua eman zion Bartzelonan. Aldiz, Kanadako Parlamentuak Argitasun Legea onartu zuen. Quebecek ez du aldebakarreko independentzia gauzatzeko eskubiderik, baina, galdera argia izanik, herritarren gehiengo argi batek aldeko jarrera adieraziko balu erreferendum bidez, legeak fede onez negoziatzera behartzen ditu Kanadako instituzioak. Bada aldea.
Baldintza horietan, pentsa daiteke independentziaren eztabaida berpizteko gogoz egin dutela erreferendum berri baten aldeko hautua. Munduan ematen ari diren jarrera kontserbadoreekin lerratzen dela, hain zuzen. Quebec first. Aldiz, hemen ere, erabakia testuinguruan kokatzea lagungarria da.
Quebeceko probintziaren instituzionalizazioa, Kanadan, komunitate linguistiko eta erlijioso frankofono/katoliko eta anglofono/protestantearen arteko lehiaren emaitza da. Interesa duenarentzat gomendagarria da Jacques Lacoursièren kontakizuna, “Une histoire de Québec” liburuan. Quebec da gehiengo frankofonoa duen azken probintzia eta tradizio kultural frankofonoa mantendu duen bakarra. Horiek horrela, konsoziazionala izan da instituzionalizazio prozesua gidatu duen eredua. Bi komunitateak bereizi eta eliteen bidezko zubi lanean oinarrituriko adostasunak indartu. Belgikan bezala.
Aldiz, Martin Pâquet eta Stéphane Savardek “De la revolution tranquille” liburuan azaltzen dute, mundu mailako joerekin batera (deskolonizazioa, kontrakultura, ingurumena, bakezaletasuna…), erroko aldaketak eman zirela Quebecen 50eko hamarkadan. Batetik, erlijioak komunitatea egituratzeko zuen gaitasuna ahuldu zen eta bestelako identifikazio iturriak indartu. Bestela esanda, nola elkarbizi («comment-vivre-ensemble») galderari emandako erantzuna aldatu zen; Kanadako komunitate katolikotik Quebeceko jendarte zibilera mugitu zen komunitatearen ardatza. Bestetik, ardatz komunitarioa jendarte zibilean kokatzeak instituzionalizazio ereduaren inguruko eztabaida eragin zuen («comment-devoir-vivre»). Egileen aburuz, «les citoyens qui vivent la Revolution tranquille partagent une référence commune, sujette à débats et á combats: celle de l’État garant du bien commun, capable d’assurer l’emancipation collective et individuelle».
Testuinguru horretan ulertzen da 1980an deituriko erreferendumaren zentzua. Eta azaltzen du, agian, herenegun lehen ministro izendatu berriak egindako iragarpena. Jendartearen ongizatea ardatz, eta ahalduntzea ipar, galdera pausatzeko parada hartzeko modu bat: nola erantzun hobe jendartearen mandatuari? Finean, erreferendumak balio du, iraultza lasaiaren memoria suspertuz, Quebeceko komunitate politikoarekiko pertenentzia sentimendua indartzeko. Baina ez inoren kontra. Liburuaren epilogoan Martin Pâquet eta Stéphane Savardek dioten moduan, iraultza lasaia ulertzea, memoriaren bitartez denbora irudimenari irekitzeko modu bat baino ez baita; «un temps irrégulier /en trajectoire d’or et de roses /indispensable à ma rêverie accoutumée». •



