GAUR8

Familia eta zainketa aringarriak binomioaren inguruko hitzaldia prestatu dute Zarautzen

Zainketa aringarriek familian duten inpaktuari erreparatuko diote hitzaldi batean Zarautzen, urrian ospatzen den Zainketa Aringarrien Nazioarteko Egunaren harira, gaiak behar duen sentsibilizazioan sakonduz. Lori Thompson psikologian doktorea izango da hizlaria.

Lori Thompson psikologian doktoreak emango hitzaldia asteazkenan.
Lori Thompson psikologian doktoreak emango hitzaldia asteazkenan. (ZARAUTZON ELKARTEA)

Urrian ospatzen den Zainketa Aringarrien Nazioarteko Egunaren harira hitzaldia prestatu dute ZarautzOn eta Zarautz Herri Zaintzailea elkarteek asteazkenerako (hilak 22). Azken zazpi urteetan, gaiari buruzko hausnarketa bultzatu dute elkarte biek elkarlanean, eta azpimarratu dute «gizartean hain garrantzitsua eta gero eta beharrezkoagoa den» gai baten inguruan sentsibilizatzea dela dinamikaren helburua.

Azaldu dutenez, «familiako kide bat gaixotu eta bizi amaiera egoeran dagoenean, familia sistema osoari eragiten dio, eta egoera berrira egokitzeko berrantolatzera bultzatzen du. Rol eta zeregin berriak ikastea dakartza, bizipen emozional bizia, denbora eta ahalegin berezia eskatzen ditu askotan familia krisi bat dakarrena jasateko».

Horregatik, gaian aditua den Lori Thompson aditua gonbidatu dute Zarautzera. Aurreratutakoaren arabera, «zaintzaren etikatik eta begirada aringarritik abiatuta, familiek egoera horietan egiten duten lanaren balioaz» hitz egingo du.

Zainketa Aringarrietako Psikologo gisa aurkezten du bere burua Thompsonek, baina La Caixa Fundazioak gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala emateko duen programaren Gipuzkoako arreta psikosozialeko taldearen zuzendaria da Thompson, eta Matia Fundazio, SECPALen eta Vic/UCCko Unibertsitatearen artean egiten du lan. Psikologia Aringarriaren estatuko elkartearen lehendakariorde sortzailea da.

Thompsonen hitzak ekarri dituzte gogora hitzaldiaren harira: «Guztiok egunen batean hilko garela ukatzeko joera dugu pertsonok, geure burua babesteko ezkutatu egiten dugu. Eta horrek eragiten du gure hilkortasunarekin oso harreman osasuntsua ez izatea eta maite dugun pertsona baten galerarako ez prestatzea, gure bizitzan zehar egokituko zaigun zerbait».

Zarauzko Modelo Aretoan izango da hitzaldia, 19.30etik aurrera.