GAUR8

Abian da pedagogia eta euskal kultura ardatz dituen Auzmendi Hezkuntza Bekaren deialdi berria

Hezkuntza hobekuntzan aritzen diren ikerlari, pedagogo eta hezitzaileei zuzenduta, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren hirugarren deialdia jarri dute abian Hernaniko Udalak eta Hik Hasik. Hobekuntza pedagogikoa, euskal kultura eta inklusioa dira ekimenaren ardatz nagusiak.

Joxe Auzmendi Hezkuntza Bekaren aurkepena, irudian.
Joxe Auzmendi Hezkuntza Bekaren aurkepena, irudian. (HERNANIKO UDALA)

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren hirugarren deialdia aurkeztu dute Hernaniko Udalak eta Hik Hasi egitasmoak. Bi erakundeek elkarlanean sustatzen duten ekimenak «hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea eta inklusioa bultzatzen dituzten Euskal Herri osoko proiektuak» babestea du helburu. 

Euskal Herrian hezkuntza hobekuntzan aritzen diren ikerlariei, ikerketa taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzenduta dago deialdia. 

Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da eta epaimahaiak 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta urte eta erdiko epea gauzatu beharko da. 

Nabarmendu dutenez, hezkuntza komunitateari emandako «tresna» bat da deialdia, arreta pedagogikoan eta ikerketan jarriz.

«Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean material bat eskaintzea hobetsiko da», adierazi du Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko egiletza arduradunak.

Izan ere, Hik Hasiren egitekoetako bat da «hezkuntzan dauden hutsuneak detektatzea eta horiei erantzutea». «Eta beka honekin ere horixe nahi dugu: eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea, marko bat eskaintzea», adierazi du.

Eraldaketarako aletxoa jarri

Ekimena bat dator, gainera, Hernani «herri hezitzaile izateko» erabakiarekin, Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez. «Hezkuntza formaletik haratago» doan egitasmoak sustatzearen alde azaldu da Lertxundi, eta Joxe Mari Auzmendik utzitako balioak eta legatua azpimarratu ditu: «Beti egongo gara zorretan berarekin, ezer bueltan eskatu gabe horrenbeste eskaini duen herritarra izan baita».

Honelako ekimenek duten proiekzioaz Axier Mingo zinegotziak adierazi du «hezkuntzan aldaketak su baxuan» ematen direla, «amesteko momentuetan» sortzen direla, «baina momentu horiek, askotan, laguntza behar» dutela. «Unibertso horretan udal gisa jartzen dugun aletxoa da Hik Hasirekin batera Auzmendi beka sustatzea», esan du.

«Beka honen helburua eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak osatzea da», azaldu dute Hik Hasi-tik. «Etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen material bat proposatuko du, orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, horren gainean ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren», zehaztu dutenez.