
Katalan eta irlandera eskolak antolatu ditu Bilbon Zenbat Gara elkarteak azarotik aurrera. Ekimenaren inguruan azaldu dute katalana eta irlandera, lagun ditugun bi hizkuntza eta kultura direla, «bakoitza bere ezaugarriekin baina, euskarak bezala, urte luzez zapalkuntzari eta diglosiari aurre egindakoak».
Planteatu dutenez, «bi hizkuntza hauek ezagutzearekin batera, lagun eta bidaide ditugun kultura eta nazio hauekiko harremanak estutzeko aukera» ematen duen ekimena da.
Katalanaren kasuan, Gessami Forner irakasleak eskainiko ditu eskolak, astelehen eta asteazken arratsaldeetan izango direnak.
Irlanderakoa, berriz, asteburuetan izango dira, hilean bitan eta igande eguerdietan, David Henderson irakaslearen eskutik.
Katalan klaseak Gabriel Aresti euskaltegian izango dira azarotik ekainera, asteko bi egunetan, eta 18.00etatik 20.00etara. Ikastaroaren prezioa 340 eurokoa da ikasturte osorako, eta bi epetan ordaindu ahal izango da. Izena emateko bulegoan bertan eskura daiteke edo 944 237 591 telefono zenbakira deituta.
Irlandera eskolak doakoak izango dira eta mintzamenean oinarrituta. Gabriel Aresti euskaltegiaren Kale Nagusiko egoitzan izango dira, eta izena emateko 635 00 85 49 telefono zenbakira deitu behar da.